euskal diaspora eta kultura
2008/11/04
PUBLIZITATEA
New York, AEB. Museum of the City of New York delakoa izan zen joan den azaroaren 2an euskal musika eta kantu tradizionalen ikuskizun honen egoitza. Eguerdiko ordubitan hasi zen emanaldia, Guillermo Zubiaga bizkaitarrak --aspalditik New Yorken bizi da, baina-- EuskalKultura.com-i azaldu dionez. Teorian ordubete iraun behar zuen ikuskizuna bi ordutan zehar luzatu zen, musikariak zein ikusleak ederki gozatzen ari zirelako. Aretoa jendez lepo egon zen-- '%60 bat edo ez zen euskalduna, gainera', azaltzen du Zubiagak-- eta txalo artean eskertu zuten euskal musika ezagutzera emateko ahalegin hau. Irrintzirik ere entzun omen zen arratsaldean zehar New Yorkeko Museoan, azaltzen du Zubiagak.
Marilu Navas izan zen ekitaldiaren aurkezlea eta euskal nortasuna, kultura eta historiari buruzko sarrera orokor bat eginez hasi zuen ikuskizuna. Kantu bakoitzari eta bertan erabiltzen ziren instrumentuei buruzko azalpenak ere eman zituen. Musikari taldea honakoek osatu zuten: Cathy Clarkson txistulari boisetarra, Amaia Arberas soprano donostiarra, Iñaki Astondoa tenore eta pianojole iruindarra, John Ehlis mandolinajolea (NY-ko Eusko Etxeako laguna) eta Earl Buys pianojole newyorktarra.
[Amaia Arberas sopranoa eta Iñaki Astondoa tenore eta gitarjolea joan den azaroaren 2an NYko museoan egin zen 'Basques of New York' ikuskizunean. Pianoa jotzen, Earl Buys (argazkia Guillermo Zubiaga)]
[Mandolina jotzen, John Ehlis musikaria, eta bere alboan Cathy Clarkson txistulari boisetarra, 'Basques of New York' ikuskizunean (argazkia Guillermo Zubiaga)]
Errepertorioan euskal musikagile ezagunen kantuak izan ziren entzungai: Guridi, Ugarte... edo Iparragirreren 'Boga boga', 'Maitetxu Mia', 'Gernikako Arbola' eta 'Agur Euskalherriari', besteak beste. Musikariek euskal kanta herrikoiak ere jo eta kantatu zituzten, horien artean 'Aldapeko' edo 'Haurtxo txikia', eta euskal dantzetako hainbat doinu. Ekitaldiari bukaera emanez, 'Agur jaunak' abestu zuten.
[Amaia Arberas soprano donostiarra eta Earl Buys pianojolea 'Basques of New York' ikuskizunean (argazkia Guillermo Zubiaga)]
[Iñaki Astondoa tenorea kitarra jotzen 'Basques of New York' ikuskizunean (argazkia Guillermo Zubiaga)]
Lotura interesgarriak
New York Basque Club
www.newyorkbasqueclub.com
New York-eko Euskal Etxeak danborrada estreinatu zuen
EuskalKultura.com-en argitaratua 2008ko urtarrilaren 18an
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus