euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal kantu herrikoiak arnasgai Buenos Airesen, 'Euskal Argentina' elkarteko kideen ahotsetan (bideoa)

2010/11/05

Mar del Platara abiatu aurretik 'Euskal Argentina' Iparraldeko Elkarteko lagunek Buenos Airesko Iparraldeko Euskal Etxean abesti batzuk egin zituzten (argazkia EuskalKultura.com)
Mar del Platara abiatu aurretik 'Euskal Argentina' Iparraldeko Elkarteko lagunek Buenos Airesko Iparraldeko Euskal Etxean abesti batzuk egin zituzten (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Ez dira abesbatza bat, 'bi euskaldun diren lekuan, koral bat duzu' esaldia egia dela bermatzen duen euskal talde bat baizik. Ia urtero bezala, 'Euskal Argentina' Iparraldeko elkarteko lagunak argentinaratu egin dira aurten ere Euskal Astean parte hartzeko asmoarekin. Baina aurreko edizioetan ez bezala, Bigarren Mendeurreneko Euskal Aste honetan, eta Pello Mari Otaño bertsolariaren heriotzaren mendeurrena dela-eta, partaidetza berezia izango dute Diaspora argentinarraren jairik handienetan. Izan ere, gaur bertan Mar del Platan, gaueko 11etan, eta Denak Bat Euskal Etxean, kantu herrikoien ikuskizuna eskainiko dute. Hara abiatu aurretik, ahotsak berotu zituzten asteazkenean Buenos Airesko Iparraldeko Euskal Etxean.

Buenos Aires, Argentina. Argentina osoko eta beste zenbait lekutako euskaldunak bilduko dira asteburu honetan Mar del Platan ospatuko den Euskal Astean. Tartean, Iparraldetik heldu berriak diren 'Euskal Argentina' elkarteko kideak. Euskal Astearen markoan, Iparraldeko ordezkariek euskal kantu herrikoi emanaldia partekatuko dute kostaldeko hirira bertaratuko diren lagun guztiekin. Ez abesbatz gisa, ez baitira koral bat, kantuzale talde herrikoi gisa baizik.

[Asteazkeneko afaria Buenos Airesko Iparraldeko Euskal Etxean: kantuz Euskal Herriko modu herrikoian (irudia Iparraldeko Euskal Etxea)]

Taldeko parte dira Patxika Alfaro, Dominique eta Adèle Etcheverry, Jean François Etcheverry, Julienne Harignordoquy, Jean Etchebehere, Pierre eta Marguerite Irigoin, Frantxua eta AnaMari Juanicotena, Jean Pierre Etchegoin, Agustin Errotabehere, Annie Ambroise, Jean Pierre Gasteneguy, Pierra Lako, Monika Legarto, Patrick eta Ginette Rezola, eta Bernard eta Monique Uthurralt. Euskal Herritik Buenos Airesera asteartean heldurik, Mar del Plata aldera abiatu aurretik, asteazkenean, Buenos Airesko Iparraldeko Euskal Etxea bisitatu zuten eta bertako lagun eta senideekin partekatu zuten afaria.

Moreno kalean dagoen euskal etxeko jatetxean bapo afaltzen ari zirela, kantatzeari ekin zioten, Euskal Herriko abesti tradizionalekin, besteak beste, “Hegoak”, “Agur Xiberua”, “Boga boga” eta “Batasuna” bezalako aire eta doinuekin gaua alaituz.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia