euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Euskal Juarez' elkarteak martxo honetan berrekingo dio lanari Buenos Aires probintziako Benito Juárez-en

2023/02/22

Elkarteko zenbait kide, esker eskuin, Mónica Esperón, Marita Larrondo, María Elena Haedo, Graciela Esperon, María Ignacia Flores, Norma Harisgarat, Jorge García, Graciela Elizalde, behean eserita, Inés Arambillet, “Bernal Torres” Liburutegian
Elkarteko zenbait kide, esker eskuin, Mónica Esperón, Marita Larrondo, María Elena Haedo, Graciela Esperon, María Ignacia Flores, Norma Harisgarat, Jorge García, Graciela Elizalde, behean eserita, Inés Arambillet, “Bernal Torres” Liburutegian

PUBLIZITATEA

Benito Juárez, Argentina. 'Euskal Juárez' du izena, ia hamar urtez Buenos Aires probintziako Benito Juárez herrian euskal jatorriko herritarrak bildu dituen taldeak eta martxoan ekingo die berriro bilerei, aurrera daraman kultur dibulgazio lana bultzatzearren. Egoitza propiorik ez daukate eta herriko “J. J. Bernal Torres” Liburutegi Publikoak espazioa eskaintzen die, bertan, gainontzeko komunitateekin batera, lana koordinatzeko.

Joan den irailean egindako beste jardunaldi batzuen artean, Etorkinaren Eguneko ekitaldietan hartu zuten parte eta hilerria bisitatu, hildako etorkin guztiak gogoan. Abenduan, Udaleko Kultura Zuzendaritzak antolatutako “Fortines y Tolderías” jaialdi kultural eta artistikora gonbidatu zituzten. Euskal Juárezek “El Sombrerito” Kultur eta Folklore Zentroak jaialdiaren barnean egindako programan hartu zuen parte, saltoki eta erakustokiarekin, euskal plater tradizionalak prestatu eta salduz, eta objektuen, liburuen eta jantzi tipikoen erakusketa estatiko bat aurkeztuz.

Jaialdiaren baitan, Benito Juarez bertako Raúl Alfredo Semper medikuak idatzitako “Euskal Herria. País vasco … Y yo” liburuaren aurkezpena egin zuten. María Ignacia Flores Valdez “J. J. Bernal Torres” liburutegiko idazkari eta Euskal Juárez elkarteko kidea ere denak, Euskal Herriari, euskaldunei eta beren historiari begirada bat osatzen duen obra pertsonal honi buruzko hitzak jendaurretu zituen.

Graciela Elizalde Enbeita: aurkezpena euskaraz

Graciela Elizalde Enbeita, Leoncio Enbeita Landa gernikarraren biloba, duela hiru urte inguru hasi zen elkartean parte hartzen. Larunbatero ia 80 kilometro egiten ditu Benito Juárez-tik Tandilgo Gure Etxea-raino, euskara eskolak hartzearren. Gogoz ari da eta Bilbon dituen lehengusinekin mezuak euskaraz hasi da trukatzen, ilusio handiz. “Pasa den urtean, azken Gizataldeen Topaketan, gure aurkezpena euskaraz egin ahal izan genuen” azaldu dio harro irribarrea ezpainetan Euskalkultura.eus-i. Seguruenik 2023ak ekarriko die berari eta Euskal Juárezko gainerako lagunei, aurrerabiderako eta euskara eta euskal kulturarekin loturak estutzeko aukera gehiago.

Eutsi Euskal Juárez!!!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia