euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal jatorrikoen 'bizitza historiak' bilduko dira Argentinan, Oroimen Historiko proiektuak bultzatuta

2015/03/10

2014ko FEVAren biltzarra bukatutakoan, Asier Vallejok eta Sara Pagolak iragarri zuten proiektua (argazkia EuskalKultura.com)
2014ko FEVAren biltzarra bukatutakoan, Asier Vallejok eta Sara Pagolak iragarri zuten proiektua (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Deialdia Euskal Herrian jaio eta Argentinara etorritako adineko jendeari luzatzen zaio. Helburua, herrialde honetako euskal presentziarekin lotura duten hainbat testigantza biltzea da, oroimen historikoa berreraiki ahal izateko. Elkarrizketatuen artean egoteko ez da beharrezkoa euskal erakunde bateko kide izatea; hala ere, parte hartu nahi duenak edo izenik proposatu nahi duenak bere herriko –edo eskualdeko– euskal etxearekin jarri behar du kontaktuan, ahal dela, martxoaren 12a baino lehen.

Buenos Aires, Argentina. Eusko Jaurlaritzaren babesarekin FEVAk (Euzko Argentinar Batzar Alkartasuna) martxan jarriko duen programak Oroimen Historikoa berreskuratzea du helburu nagusia. Ildo horretan, euren eskarmentua konpartitu nahi eta ahal duten euskal jatorrizko lagunei luzatzen zaie gonbitea Argentinako euskal presentziaren hainbat lekukoren ahotsak gal ez daitezen.

Estatu Batuetan euskal komunitateetan aurrekaria duen programa hau joan den urteko apirilean –FEVAren urteko biltzarrean– aurkeztu zuten Asier Vallejo Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendariak eta Sara Pagola Euskadiren Argentina-Mercosur-eko ordezkariak, eta ahalik eta elkarrizketa gehien biltzeko asmoa du. Horretarako, eta metodologia eta irizpideak bateratzeko, elkarrizketak egingo dituen jendeak trebakuntza berezi bat jasoko du. Elkarrizketak grabatu edo filmatuko dira, eta euskaraz edo gaztelaniaz egin ahal izango dira.

Fase honetan deialdia Euskal Herrian jaio eta edozein arrazoirengatik Argentinaratu behar izan ziren adineko pertsonei dago zuzenduta. Proiektuaren parte izateko ez da beharrezkoa euskal instituzio bateko kide izatea baina elkarrizketatuek bai egon behar dira prest euren bizitza historia kontatzeko. Ahalik eta jende gehiagorengana heldu nahian, FEVAk eskatzen die euskal etxeei euren herrietan bizi diren euskal jatorrizko lagunen informazioa eskuratzeko (izen-abizenak, telefono zenbakia, helbide elektroniko) haiekin kontaktatu ahal izateko.  

Bere testigantza eman nahi duenak bertako edo inguruko euskal etxearekin jarri behar du kontaktuan. Antolakuntza lana egiten hasteko, FEVAk adierazi du eskertuko duela informazioa martxoaren 12a baino lehen bidaltzea.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia