euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal jatorriko Ron Parraguirre epaile nevadatarra Estatuko Gorte Goreneko Justizia Buru 2010ean

2009/12/29

Ron Parraguirre epailea. Bere familiak Etxalar herri nafarrean dauka jatorria Euskal Herrian (argazkia EuskalKultura.com)
Ron Parraguirre epailea. Bere familiak Etxalar herri nafarrean dauka jatorria Euskal Herrian (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Atzo bertan jakin arazi zenez, euskal jatorriko Ron Parraguirre epaile nevadatarra estatu honetako Gorte Goreneko Justizia Buru izango da egun gutxi barru, 2010ean, orain arte zeregin horretan ibili den James Hardesty jujearen lekua hartuz zazpi kideko gorte honen buruzagi gisa. Urtero berritzen den Epaimahai Goreneko Justizia Burua (chief justice) Estatuko adar judizialaren buru administratiboa da eta gorte goren horretako eleduna.

Reno, Nevada, AEB. Lau belaunaldiz nevadatarra den familia bateko kide eta familia aldetik ere justiziaren munduari lotua --bere osabetako bi fiskalak izan ziren, eta bere aita Paul epailea--, Parraguirre 2004tik da Nevadako Epaimahai Goreneko kide, bere jardunaldia 2011ean beteko delarik.

Ron Parraguirre San Diegoko Unibertsitateko Lege Eskolan lortu zuen doktore gradua eta ondotik Washington hiriburura mugitu zen, bertan Nevadako senadore zen Paul Laxalt euskal jatorrikoaren laguntzaile izateko. Geroago Senaduko Justizia Batzordeko Aholkulari bihurtu zen, eta Lege Kriminaleko Azpibatzordeko kide. Azkenik, 1987an Nevadara itzuli zen, bere aitaren bulegora bilduz legeen praktika pribatuan aritzeko.

Parraguirretarrak familia ezagutua dira Nevadako euskal komunitatearen baitan. Ronen aita, Paul Parraguirre, 1949ko Basque Western Festival delakoaren antolatzaileetakoa izan zen, eta karia horretara omendu zuten 1999an 'Renoko Euskal Aste Nagusia'n, AEBetako euskaldunei agerpen eta proiekzio publikoa ekartzen hasi zien jaialdi aitzindari haren 40. urteurrena ospatu zenean.

Bera ere euskal komunitateari eta Nevada-Renoko Euskal Ikasketa Zentroari (CBS) lotua, joan den uztailean erakunde horrek antolatutako ekitaldietan parte hartu zuen, CBSren 42. urteurrena eta Basque Western Festival-aren 50. urteurrenaren karietara.

Parraguirrek James Hardesty-ri hartu dio ordea Nevadako Justizia Buru bezala. Honek adierazi duenez, ez omen dauka zalantzarik "Parraguirre epaile buruak gure aurrerapen ildoari segitu dionik, Nevadako Justizia Boterea herrialde osoko onenen artean kokatzeko bidean".



Komentarioak

  • Zuzen zaude, Etxalar da

    "R" bat falta zen, bai, argazkiaren azpiko testuan eta herria Etxalar da. Zuzendu dugu eta orain beraz ongi agertzen da. Etxalartarrak ziren Ron Parraguirreren arbasoak. Mila esker.

    EuskalKultura.com Erredakzioa, 2010/01/18 15:01

  • Etxala edo Etxalar?

    Argazkiaren azpiko testuak Ron Parragirreren familia 'Etxala' herri nafarrekoa dela dio. Halako herririk ez dagoenez, herri hori Etxalar izanen dela pentsatzekoa da, ezta?

    Joxema Irigoien, 2009/12/29 08:35

« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia