euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Amuma Says No euskal-boisetarren kontzertu batek irekiko ditu ostiral honetan Renoko Euskal Jaiak

2014/07/16

Renoko Euskal Jaiak: aizkolari lehia, artxiboko irudi batean (argazkia EuskalKultura.com)
Renoko Euskal Jaiak: aizkolari lehia, artxiboko irudi batean (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Renoko (Nevada, AEB) Zazpiak Bat Euskal Etxeak larunbat honetan, hilak 19, ospatuko du 47. jaialdia eta “jende gehiago” erakartzea, “ez soilik euskaldunak”, dute helburu, Paul Woodin presidente berriak Euskalkultura.com-i adierazi dion legez. Ostiral gauean hasiko dute parranda, Boiseko Amuma Says No musika talde euskal amerikarraren kontzertuarekin. “Aurtengo jaia berezia izatea lortuko dute”, esan du Woodin-ek.

Reno, AEB. “Eguna hurbildu ahala argitzen doa plana”, esan du, txantxetan, Euskal Etxeko presidenteak. Jaia goizeko 10:00etan hasi eta arratsaldeko 16:00etan amaituko da, hala ere Amuma Says No taldeak lau orduko emanaldia eskainiko du 18:00etatik aurrera.

Wingfield Park-en ospatuko den jaian San Frantziskoko Johnny Curutchet eta Renoko Jesus Goni bertsolariek kantatuko dute eta, gerora, Renoko, Elko-ko eta Winnemucca-ko (Nevada, AEB) dantzariak izango dira protagonista. Aizkolariak, harri jasotzaileak eta txalapartariak ere arituko dira.

“Doan izango da dena, erreka alboan, edonor hurbildu ahal izateko. Geure helburua euskal kulturara jende gehiago erakartzea da, ez soilik euskaldunak”, azaldu du Woodin-ek. Jatekoak eta edatekoak ere salduko dituzte, kalimotxoa tartean. “Musikak eta bazkariak jendea erakartzea espero dugu eta garagardoak eta ardoak bertan mantentzea”, esan du, umore onez, lehendakariak. 1.000 eta 1.500 lagun inguru bildu ohi da jaialdi honetan.

Ostiral gauean, Amuma Says No-k kontzertua eskainiko du ere Ceol taberna irlandarrean, 20:00etatik aurrera. Txorizoa ere izango da salgai bertan.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia