euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal jatorriko hogei bat haur kaliforniar aritu dira hiru astez Chinon antolatutako euskara eskolen uda ekitaldian

2007/08/18

Bitarteko adinekoen taldea, 7-10 urte artekoa, Chino Euskal Etxearen egoitzan euskara eskoletan
Bitarteko adinekoen taldea, 7-10 urte artekoa, Chino Euskal Etxearen egoitzan euskara eskoletan

PUBLIZITATEA

Chinoko Euskal Etxeak lehenengo aldiz antolatu ditu bere haur eta gaztetxoentzat udako euskara eskola eta ekitaldiak. Esperientzia Begona eta Candida Echeverria arbaso baztandarreko bi ahizpa kaliforniarrek koordinatu dute, EEaren aldetik, eta irakasle, berriz, Euskal Herritik etorritako Amaia Laduche irakasle lapurtarra aritu izan da, urtean zehar Azkaineko eskola publikoan ari den errientsa. Lehenengo urte honetan hogei ikaslek eman dute izena. 'Ez da batere gaizki lehenengo urtea izateko', Chinoko EEko iturriek onartu dutenez.
Chinoko Euskal Etxeak bere gaztetxoentzat prestatutako aukera berria da honakoa, udako ekitaldiak eta euskara eskolak bateginez. Klaseak, praktikoak eta haurren adinaren arabera egokituak, hiru astetan zehar garatu dira Chinoko Euskal Etxearen egoitza biltoki eta gertaleku izanik, Kalifornia hegoaldeko hiri honetako paraje lasai batean baitago kokatua Chino Basque Club. Programak bi orduko hiru saio bildu ditu egunero, haurrak adinaren arabera eratutako beste hainbeste multzotan banatuta, 4-6 urte, 7-10 urte eta hamaika urtetik gorakoak.

[Chinoko Euskal Etxeak eratutako programako partaideetako gehienak, San Diegoko Animalia Basatien Parkera gauzatutako txango egunean eginiko talde argazki batean ]

Ekimena joan den abuztuaren 6an amaitu zen eta Chino bertako bi emakume gazte euskalamerikarrek, Begona eta Candida Echeverriak, antolaturik, Euskal Herritik heldutako Amaia Landuche errientsaren lankidetza izan du. Hamasei urteko eskarmentua dauka Laduchek Azkaineko (Lapurdi) herriko eskolan euskara irakasle. Ingeles gutxi mintzo du eta nahitaez euskarazko komunikazioa sustatu duen giro bat ezarri ahal izan du, hori baitzen helburua.

Emaitza baikorra errientsa, guraso eta haurren aldetik

Musika, liburuak, jolas eta jokoak eta irudiak baliagarri izan dituzte hiztegia aberasteko. Eskolen osagarri irteerak izan dira, hala nola San Diegoko Animali-Bizitza Basatiko Parkera edota Beverly Hills-eko Skirball exhibizio batera; baita ekitaldi bereziak ere, tartean bi gau ezohiko, haurren arteko mus partida bizi-biziak barne edota igerleku batean eginiko ur festa.

'Euskara ahal bezainbat erabiltzea sustatu dugu, baita irteeretan ere; horri dagokionez, San Diegoko Parkerako irteera oso gogoangarri eta dibertigarria izan zen eta haurrek hainbat animaliaren izen euskaldunak ikasi zituzten', adierazi diote EuskalKultura.com-i Euskal Etxetik. Amaia Laduche irakasleak, bere aldetik, alde nabaria somatu du haurrak lehenengo egunean eta azkenekoan entzunda. 'Aski zen arreta pixkat ezartzea, ohartzeko azken egunetan nihaurek eman jarraipide eta aginduak normaltasunez segitzen zituztela euskaraz eta bi asteren buruan esaldi xinple batzuk euskaraz osatzeko gauza izan zirela'. Orain, ikasturtean segida ematea da heldu den urratsa, aitzina, emeki baina urratsa urratsaren ondotik emanez joaiten baita.


Lotura interesgarriak

Chino Basque Club
www.chinobasqueclub.us

North American Basque Organizations
www.nabasque.org

Chinoko Euskal Etxeak bere 'Bizi Emankorra' sariak eman ditu
2007ko apirilaren 2an EuskalKultura.com-en argitara emana

'Gaupasa' berezia Chino eta Bakersfield-eko EEetako gazteek
2006ko urriaren 19an EuskalKultura.com-en argitara emana

Chef euskaldunek Chinon hasi dute bira kaliforniarra
2006ko irailaren 13an EuskalKultura.com-en argitara emana

Chinoko Txistulariak, musikari gazteek osatutako banda
2006ko abuztuaren 3an EuskalKultura.com-en argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia