Viedma, Argentina. Argentinako Errepublikako Migrazioen Zuzendaritza Nazionalaren Viedmako Ordezkaritzak 2022ko Inmigrantearen Eguna ospatzeko hiriko Udal Kultura Etxean egindako ekitaldian euskal jatorriko bi misiolariok ohoratu zituen 'Etorkin gailen' gisa, beste komunitate batzuetako inmigrante nabarmenekin batera, "herrialdearen hazkundeari" eta "kultura-aniztasunari" egindako euren ekarpenagatik. Ahizpa Coca eta Aita Eslava oso pertsona maitatuak dira, "aspaldi geure hiriko bizitzajo parte direnak".
Maria del Carmen Coca Isusi 'Ahizpa Coca' bezala da ezaguna. Bilbon (Bizkaia) 1939an jaioa, oso gaztea zela sartu zen salestar, Maria Auxiliadora kongregazio erlijiosoan. Misiolari bokazioak bultzatuta, 1962an Argentinara iritsi eta Neuquen-en finkatu zen. Urte askotan irakasle aritu zen Patagoniako María Auxiliadora ikastetxean. Gaur egun, 88 urte dituela, Viedmako I.M.A.ko (Instituto María Auxiliadora) Osasun Etxean bizi da.
Bere aldetik, Aita Javier María Ramón Eslava Laurnagaray, jatorriz Iruñekoa (Nafarroa), 1975ean iritsi zen Argentinara, 29 urte zituela, misiolari salestar gisa. Urte hauetan guztietan Patagoniako hainbat herritan aritu da lanean: Comodoro Rivadavia, Trelew, Neuquen, General Roca eta, gaur egun arte, Viedma.
Bai Ahizpa Cocak bai Aita Eslavak bizitza osoa daramate jaioterritik urrun beren misiolari bokazioagatik. Hala ere, euskal jatorria ez dute ahazten eta Viedma-Patagoneseko Aberri Etxea Euskal Etxeko ekintzetan parte hartzen omen dute euren zereginek ahalbidetzen dietenean, adierazi dute Rocio Basterra buru duen euskal etxetik.
Zorionak!