euskal diaspora eta kultura
2011/04/19
PUBLIZITATEA
Posadas, Argentina. Posadasko Euskal Jatorri Euskal Etxeak Ramon Madariaga eta Hormaza mediku plentziarraren omenezko ekitaldia egin zuen joan den igandean. Ramon Madariaga Plentzian (Bizkaia) jaio zen 1851ean eta Madrilgo San Carlos Unibertsitatean ikasi zuen medikuntza. 1888. urtean heldu zen, ustez, Posadasera.
Hurrengo urtean izurrite bubonikoa izan zen Posadasetik oso gertu dagoen Encarnacion hiri paraguaiarrean, eta Madariagak lan bikaina eta ausarta egin zuen gaitzaren aurkako borrokan. 1905ean eta 1907an izurrite berriak izan ziren eta haietan ere bere ospe eta izen onaren oinarri izango zen jarrera profesional eta eskuzabala erakutsi zuen. Sendagile bikaina izateaz gain, "gizon ikasia, senezko kazetaria eta hizlari abila" izan zen, euskal etxeko iturriek diotenez.
Omenaldia bi ekitaldietan
Omenaldia La Piedad hilerrian hasi zen, bertan baitago Posadasko herriak Madariagari eskaini zion mausoleoa. Ekitaldi honetan euskal etxeko kideekin batera Roque Perez logiako kideak izan ziren (Madariaga logia honetako kide izan zen).
[Madariaga doktorearen mausoleoa, Posadaseko La Piedad hilerrian (argazkia MisionesEE)]
Omenaldiaren bigarren zatia Hospital Escuela de Agudos Dr. Ramón Madariaga ospitalean egin zen. Ekitaldi honetan, euskal etxeko kideez gain, Misionesko Osasun idazkariordea, Oscar Herrera Aguad, eta Ogasun idazkariordea, Lidia Riwaka, egon ziren.
Nilda Brañas bazkideak Madariagari buruzko hitz hunkigarri batzuk egin zituen, sendagilearen engaiamendu profesional eta etikoa azpimarratuz. Ekitaldiari bukaera emanez Madariagaren omenezko plaka oroigarri bat desestali zen.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus