euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal jatetxeak aurreratzen munduko onenen artean: Andoni Aduriz-en Mugaritz, munduko laugarren onena

2008/04/23

Andoni Luis Aduriz, Errenteriako Mugaritz jatetxeko sukaldaria (argazkia Mugaritz Jatetxea)
Andoni Luis Aduriz, Errenteriako Mugaritz jatetxeko sukaldaria (argazkia Mugaritz Jatetxea)

PUBLIZITATEA

Euskal Herriko jatetxeak aurreratuz doaz munduko jatetxeen artean. 'Restaurant' aldizkari britainiarrak landutako 'San Pellegrino' ranking atera berriak Andoni Adurizen Mugaritz, Errenterian, munduko laugarren onena izendatu du. Arzak zortzigarren agertzen du, Martin Berasategi 29. tokia mantentzen du eta zerrendan sartzen da lehen aldiz, 44. postuan, Etxebarri, Victor Arginzonizek Axpe-Atxondon duen erretegia. Baina gainera, Iñaki Aizpitartek Parisen gidatzen duen Le Chateaubriand deskubrimendu gisa agertzen da, Subijanaren Akelarre (74) eta Mexiko hiriko Biko --azken hau Bruno Oteiza eta Mikel Alonsok gobernatua-- ere biltzen dituen zerrendan.
Errenteriako (Gipuzkoa) Mugaritz jatetxeak nazioarteko hainbat kritikari eta espezialisten laguntzaz egiten den munduko 50 jatetxerik onenen sailkapenean eman duen pausoa nabaria izan da oso. Andoni Luis Aduriz sukaldariak gidatzen duen negozioa 2006. urtean sartu zen lehen aldiz zerrendan, hamargarren postuan. Iragan urtean hiru postu aurreratu zituen, zazpigarrenera igoz eta aurten laugarren tokia inbiriagarrian ipini da, podiuma osatzen duten lehen hiruen itzala oso gertutik jarraituz: Ferran Adriá-ren El Bulli (Girona), The Fat Duck (Britainia Handia) eta Pierre Gagnaire (Frantzia).

Donostiako Arzak jatetxeak (8) ere munduko 50 onenen artean postuak igo ditu. Martin Berasateguik zerrendako klasiko bat izaten jarraitzen du bere 29. postuarekin eta lehen aldiz sartzen da sailkapenean Axpe-Atxondoko Etxebarri erretegi bizkaitarra (44). Jabeak aipatzen duenez, berak egiten duena 'sukalde primitiboa' da, parrilla birsortuz.

Sailkapen honek munduko 50 jatetxerik onenak bakarrik nabarmentzen ditu, baina hurrengo 50 postuak eskaintzen dituen eranskina ere azaltzen du (51tik 100era). Horrela, 74. postuan Pedro Subijanaren Akelarre jatetxea agertzen da. Antolakuntzak, bestalde, ohar baten bidez aditzera eman duenez, '2009ko munduko lehen 50 postuetara igoko den jatetxea Iñaki Aizpitarte euskal gazte sukaldariaren Pariseko Le Chateaubriand izan daiteke', zerrenda aurten 60. postuan estreinatu ondoren. Azkenik, munduko onenen ranking honek 89. tokian sailkatzen du Mexiko hiriburuko Biko jatetxea, Bruno Oteiza eta Mikel Alonso euskal sukaldariek sortu eta gobernatua.


Lotura interesgarriak

2008ko Michelin Gida: Euskal Herriak, guztira, 24 izar ditu
2007ko azaroaren 23an EuskalKultura.com-en argitara emana

Jon Alañak euskal jatetxea irekiko du Shanghain
2008ko martxoaren 7an EuskalKultura.com-en argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia