euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal Jardunaldiak Unibertsitatean eta Zine Zikloa euskal etxean Rosarioko Zazpirak Baten eskutik

2013/11/05

Jardunaldi eta Zine Zikloaren afixak
Jardunaldi eta Zine Zikloaren afixak

PUBLIZITATEA

Jardunaldiko hitzaldiak Euskal Katedraren baitan burutu ziren, Rosarioko Humanitate eta Arteen Fakultatean, eta Euskal Herriaren gaurko egoerari buruz hausnartzeko aukera eman zuten. Aktibitate honekin, Zazpirak Bat euskal etxeak abian jarri zuen Unibertsitatean burutuko duen programa oparoa. Bitartean, erakundeko egoitzan gauzatzen ari den Euskal Zine Zikloa ere martxa onean doa. Hurrengo bemanaldiak azaroaren 14an eta azaroaren 28an izango dira eta pelikulak, Medem-en 'Zirkulu polarreko maitaleak' eta 'Behiak', hurrenez hurren.

Rosario, Argentina. Zazpirak Bat euskal etxeak antolaturik eta euskal erakundeak eta Unibertsitateak uztailean sinatutako akordioaren barruan, bi eguneko Euskal Jardunaldiak egin ziren Rosarioko Unibertsitatean. Programa Cesar Arrondo eta Santiago Bereciartuaren “Autodeterminazio eskubidea. Euskal Herriaren gatazka politikoa” izenburuko hitzaldi-eztabaidarekin hasi zen urriaren 24an, Elsa Caula Unibertsitateko irakaslea moderatzaile.

Biharamunean, berriz,honakoa izan zen gaia: “Nazioak, Nazionalismoa eta Estaturik gabeko Nazioak. Donostian egindako Bakearen aldeko Nazioarteko Konferentzia. Gaurko egoera politika Euskadin eta Katalunian”. Mahai-inguruan Horacio Rios, Mario Gluck, Fernando Lizarbe eta Angel Perella izan ziren hizlariak eta moderatzailea, Vanina Broda. Euskal etxetik adierazi digutenez, “jende ugarik hartu zuen parte jardunaldietan eta interes handia erakutsi zuten azaldutako gaiez”.

Honekin lotuta, aipatu behar dugu pasa den maiatzean Rosarioko Udalbatzak bat egin zuela Aieteko Adierazpenarekin. Proposamena ‘Llamamiento de los 100 para seguir viviendo’ izeneko Gobernuz Kanpoko Erakundeak helarazi zion Udaletxeari. Onespenaren bidez munduko beste hainbat izen handiko pertsonek hartutako engaiamendu bera hartu zuten euren gain Rosario hiriak eta hiriko ordezkariek.

Euskal Zine Zikloaren bigarren edizioa

Beste alde batetik, euskal etxeak jakinarazi digu arrakastaz hasi zela euren bigarren Euskal Zine Zikloa. Zikloaren lehenengo saioa urriaren 31ean izan zen eta bertan ikusgai izan zen filma Luis Marias-en Gernika bajo las bombas dokumentala.

Datozen hitzorduei dagokienez, azaroaren 14an eta 28an izango dira, biak iluntzeko zortzietan. Ostegun 14an, Julio Medemen Zirkulu polarreko maitaleak proiektatuko da eta 28an zuzendari beraren Behiak. Filmak amaitzean, Emilio Bellon irakasle eta kritikoak zuzenduko du eztabaida. Ekintzaren ondoren, euskal plater tipikoak eskainiko dira prezio onean.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia