euskal diaspora eta kultura
2013/12/18
PUBLIZITATEA
Medellin, Kolonbia. Iragan abenduaren 11ean Gure Mendietakoak Euskal Etxeak eta CEVAk ekitaldi akademikoa egin zuten Medellinen, Israel Brull Kintana euskal politikaria partaide (Eusko Alkartasuna/Bildu). Brullek “El proceso de normalización política en el País Vasco” (Normalizazio prozesu politikoa Euskal Herrian) hitzaldia eskaini zuen hiriko Biblioteca Pública Piloto (BPP) liburutegiko Memoriaren Dorreko auditoriumean.
BPPak ekitaldia antolatzeko baliabide tekniko eta logistikoak euskal elkarteen eskura jarri zituen eta hitzaldiak jakinmina sortu zuen, euskaldun batzuk, komunitate unibertsitariko kideak eta publiko orokorra bilduz ekitaldira.
CEVAk 10 urte
Gure Mendietakoak Euskal Etxea eta CEVA oso pozik agertu dira "ekitaldi honekin hirian eztabaida eta hausnarketarako gune bat eskaini ahal izan zutelako, Euskal Herria ardatz izanik, gainera. Bi erakundeak erreferente akademiko eta kulturala bilakatzen ari dira Medellinen eta Antioquian, emeki-emeki, horrelako ekitaldiei esker", adierazi dute bidali diguten oharrean.
Datorren urteari begira hitzaldi, erakusketa eta kultur jarduera gehiago ari dira antolatzen, bereziki CEVAk hamar urte beteko dituela gogoan. Halatan, elkarteak 2014an argitaratuko du Antioquiako euskaldunei buruz prestatzen ari den hiru liburuko bildumako lehen alea. Bertan, 1510-1700 urteen arteko euskal presentzia Antioquian jasoko dute.
2013ko Euskal Jaia
Bestalde, bertako Gure Mendietakoak Euskal Etxeko lehendakari Catalina Fernandezek 2013ko "Antiokiako Euskaldun Jaia" delakoari buruzko kronika bidali digu. Gogoratu, buletin hononexek iragarri zuenez, abuztuan egin zela jaia, Gure Mendietakoak euskal etxeak antolatuta.
Kepa Murua poeta eta idazlearen hitzaldi batekin hasi ziren ekitaldiak, abuztuaren 23an. Antioquiako Unibertsitateko museoko auditoriumean eskaini zuen mintzaldia Muruak, eta bertan, entzuleak aurrez aurre, bere olerkiak irakurri zituen euskaraz eta gaztelaniaz eta literatur sorkuntzari buruz solastu zen.
[Kepa Murua olerkaria Euskal Jaiaren baitan eman zuen poesia irakurraldiko une batean (argazkia GureMendietakoak)]
Abuztuaren 24an euskal eta kolonbiar musika emanaldia egin zen Caldaseko Casa Pamplona Gastrobar jatetxean. Elkarteko Sebastián Machado (gitarrista) eta Pablo Andrés (kantaria) izan ziren protagonista. Ekitaldian euskara ikastaroetako ikasleek ere parte zuten, euskal abestiak kantatuz. Laburrean, euskal musikaz, gastronomiaz eta lagunarteko giro ederraz gozatzeko tartea izan zen.
[Pablo Andrés (kantaria) eta Sebastián Machado (gitarrista) Casa Pamplona Gastrobar jatetxean eskaini zuten kontzertuan (argazkia GureMendietakoak)]
Amaitzeko, abenduaren 25ean euskal mitologiari buruzko erakusketa egin zen, Víctor Chavarría bazkideak aurkeztuta. Horrez gain, elkarteko “Antiokiako Dantzari Txikiak” taldekoek erakustaldia eskaini zuten eta euskal gastronomia dastaketa bat ere egin zen. Horrela amaitu zen 2013ko Euskal Jaia. Gure Mendietakoak Euskal Etxetik adierazi digutenez, oso pozik geratu ziren, "elkarteko kideek zein antioquiarrek orohar euskal kulturaz gozatzeko aukera izan baitzuten".
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus