euskal diaspora eta kultura
2010/09/23
PUBLIZITATEA
Josemi Arrugaeta/Habana, Kuba. Oporrak eta uda kartsua dela eta ekimenak gutxitu ostean, Kubako euskal komunitatea gutxinaka-gutxinaka bere dinamikara ari da bueltatzen. 'AthletiKuba' kirol-lagunartea izan zen ikasturteari hasiera eman zion lehena, abuztuaren azkeneko ostiralean egin zuen afariarekin. Elkarteko hogei bat kide bildu ziren bertara.
Ohiko giro onean, elkarteak Realeko anai-arrebei ongi etorria emateko aprobetxatu zuen aukera, lehen mailara itzuli direlako. Izan ere, aipatu beharra dago, urruntasuna, zailtasunak eta indarrak batzeko nahia dela eta, Realeko 'menderaezin' batzuk Habanako talde honetako kide eta sortzaile ere direla, eta AthletiKuba taldeko kide izateko 'ahalegin' berezia egiten dutela, euren kolore txuriurdinekin taldea aberastuz, azaldu diote EuskalKultura.com-i.
Ordorika eta lagunak
Bestalde, Ruper Ordorika kantariak bira egingo du irlaren mendebaldetik, bihar bertan Habanan hasita. Guztira hiru emanaldi egingo ditu oñatiarrak, Bladimir Zamora poeta eta Ray Fernández kantari kubatarra lagun dituela, ¡Qué gran invento! Los amigos izenburupean.
Lehen kontzertua bihar izango da, Habanako Malekoian dagoen Zentro Iberoamerikarrean, 17:00etan. Etzi larunbata, irailaren 25ean, Cardenaseko 'Museo de la Batalla de Ideas'-en (22:00etan) izango da Ordorika eta igandean, irailaren 26ean, azkenik, Santa Clarako El Mejunje aretoan (22:00etan).
Kantaria Habanan den bitartean bere ohorez afaria egingo du AthletiKuba taldeak eta ohorezko bazkidearen karneta emango diote elkartekoek.
Euskera ikastaroak
Azkenik, kubatar hiriburuan oso aurreratuak daude jada oinarrizko euskara eta euskal kultura ikastaro bat emateko prestaketak. Ikastaroa urriaren erdialdera jarriko da abian, Kubako euskaldunen aspaldiko amets bat betez.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus