euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal jarduerak asteon AEBetan: Lehendakaria Washingtonen; Atxaga Katedra arrakastaz abiatu da NYen

2013/10/10

Iñaki Salvador musikaria atzo New Yorkeko Black Box Theater-en egin zen "Mikel Laboa, in memoriam" omenaldian (argazkia EuskalKultura.com)
Iñaki Salvador musikaria atzo New Yorkeko Black Box Theater-en egin zen "Mikel Laboa, in memoriam" omenaldian (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Euskal Herria eta euskal kulturak ohi baino tarte zabalagoa dute egunotan AEBetan, batetik, Lehendakaria herrialde honetan delako eta, bestetik, New Yorken Euzko Etxearen Mendeurrena eta Atxaga katedraren lehen saioak abian direlako, aurtengoan aipatu Mendeurreneko egitarauarekin bat eginez. AEBetara --eta beste inora ere Europarik kanpo-- aurreneko bidaia ofiziala egiten ari da Urkullu eta atzo Washingtonen Kongresuko eta Senatuko ordezkariekin bildu zen. Washingtoneko Euskal Etxeko kideekin ere topaketa egin zuen Urkulluk. New Yorken, astelehenean jarri ziren abian, CUNY unibertsitatean, Atxaga Katedraren 2013ko saioak, eta arrakastaz, Etxepare Institutuak aditzera eman duenez. Gaur lekukoa hartuko dio Euskal Herria Mugaz Gaindi mintegiak, asteburuko Euzko Etxearen Mendeurreneko ekitaldien zain.

New York, AEB. Iñigo Urkullu lehendakaria James Risch senatari errepublikarrarekin eta John Garamendi kongresista demokrata euskal-kaliforniarrarekin bildu zen atzo Washingtongo Kapitolioan. Bileren helburua Estatu Batuetako ordezkari politikoen talde baten eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lankidetza sarea sortzea zen, interes komuneko gaiak lantze aldera. Lehendakariak Euskadiren egungo egoera azaldu zien. Hala, bake garai berriaz eta Jaurlaritzaren helburu nagusiaz, susperraldi ekonomikoaz, alegia, aritu ziren.

Arratsaldean Washintongo Euskal Etxeko ordezkaritza batekin bildu zen lehendakaria. Gaur Milwaukee hirian izango da Urkullu, bertan Ingeteam enpresak duen lantegia bisitatzeko, besteak beste.

Urkullu Garamendi Washington 2013

[Iñigo Urkullu lehendakaria John Garamendi Kaliforniako kongresistarekin eta haren emazte Patty Garamendirekin, Washingtoneko Kapitolioan (argazkia Irekia)]

Atxaga Katedra eta EHMG

New Yorken, aldiz, astelehenetik hasita euskal kulturak tarte berezia izan du, bertan egiten ari diren hainbat ekitaldi direla eta. Hasteko, CUNY unibertsitatean Etxepare Euskal Institutuak sustatzen duen Atxaga Katedraren aurtengo saioak astelehenean abiatu ziren, ekitaldi ireki batekin. ”Basque Language and Basque Society Today” izenburua zuen biltzarrean euskararen eta euskal gizartearen egungo egoeraz aritu ziren Jasone Cenoz (katedraren  arduraduna aurten, UPV-EHU), Jacqueline Urla (University of Massachusetts, Amherst) eta Itziar Idiazabal  (UPV/EHU – UNESCO Chair on World Language Heritage), CUNYko José del Valleren laguntzaz.

Jarraian, "Políticas lingüísticas, políticas de convivencia: el caso catalán, gallego y vasco” panelean Patxi Baztarrika (EJko Hizkuntza Politikarako Sailburuordea),  Eva J. Daussà (State University of New York at Buffalo) eta José del Valle (CUNY, The Graduate Center) izan ziren hizlari.   

Aurretik, asteartean, Unai Lauzirikak, Etxepare Institutuaren Leipzigeko euskara eta euskal kultura irakurleak, hitzaldia eman zuen Euzko Etxean, elkartearen Mendeurreneko egitarauaren barruan. Atzo, katedraren bigarren saio irekiaren baitan, Black Box Theater antzokian Mark Kurlansky idazle estatubatuarrak euskal munduari buruzko bere lekukotasuna, kazetari estatubatuar eta euskal errealitatearen ezagule den heinean, izan zuen hizpide eta Iñaki Salvador piano-jotzaileak Mikel Laboa kantariaren omenezko kontzertua eskaini zuen.

NY Catedra Atxaga Mark Kurlansky

[Mark Kulansky, atzo, CUNYko John Jay antzokian, Euskal Herriaz eta bere ikuspegitik Ipar Ameriketatik Euskal Herriaz dagoen ezagutzaz eta irudiaz eman zuen hitzaldian (argazkia Euskalkultura.com)]

Gaur, Euzko Etxea elkartearen Mendeurreneko ekitaldien barruan, Euskal Herria Mugaz Gaindi (EHMG) euskal diaspora eta emigrazioari buruzko mintegia abiatuko da New Yorkeko Columbia Unibertsitatean. Ekitaldiek bihar ostirala segituko dute NYeko Euzko Etxearen egoitzan, eta biharkoa, Kalakan talde lapurtar-baxenabartarrarekin bururatuko da, asteburuan NABO bilera, Mendeurreneko Gala eta beste zenbait hitzordu izango dituen egitarauan.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia