euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal-japoniar Mintegiaren arrakastak EHU eta Kobeko Unibertsitatearen arteko harremanak indartuko ditu

2007/09/25

Mintegiak bere baitan bildu zuen klase praktikoetako bat tai-chi tailerra izan zen (argazkia C.Urdangarin)
Mintegiak bere baitan bildu zuen klase praktikoetako bat tai-chi tailerra izan zen (argazkia C.Urdangarin)

PUBLIZITATEA

Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU-UPV) eta Kobeko Ikasketa Atzerritarren Unibertsitate Munizipalak lankidetza akordioa egingo dute ikasle eta irakasleen trukaketa ekimenak aurrera eramateko. Lankidetzaren oinarriak joan den astean Gasteizen egin den I. Mintegi Zientifiko Euskal-Japoniarrean jarri zituzten. Topaketa hauen balioespen oso positiboa egin du Joseba Etxebeste EHUko irakasle eta Mintegiko antolatzaileak.
Kirola eta joko tradizionalak aztertzen dituzten ikerle eta adituek hitzordua izan zuten joan den astean Gasteizen, euskal eta japoniar kulturetan arlo hauek dituzten ezaugarriak aztertzeko. Lau egunetan, modu trinkoan, ikerlariek lanak aurkeztu eta eztabaidatu zituzten, baina klase praktikoak ere egin zituzten: euskal herri kirolen munduan sartu edota tai-chi lezioa jasoaz, adibidez.

'Gure jokoak eta Japoniakoak oso desberdinak dira, gizarteak ere oso desberdinak direlako, azken finean jokoak gizartearen ispilua naitira', azaltzen du Mintegiko ondorio bezala Joseba Etxebestek. EHU-UPVko Kirol eta Zientzia Fakultateko irakaslea eta Mintegiaren antolatzaileetako bat da Etxebeste. [Ezkerreko irudian bi unibertsitateetako euskal eta japoniar irakasle eta adituak bildu zituen Mintegiaren aurkezpen saioetako bat (argazkia C. Urdangarin)]

Norberaren garapena lortzeko bidea

Japoniar aldetik Mintegiko sustatzailea Kazuyuki Taketani aditua izan da. Taketani Kobeko Atzerriko Ikasketen Unibertsitateko Antropologia eta Kirolaren Historia irakaslea da eta 1985ean hasi zen euskal jokoen inguruko ikerketak egiten. Herri kirolak, trainerak eta pilota izan dira bere ikerketa gai batzuk. Eta, izan ere, joko eta kirol hauetan murgildu dira azken egunotan Gasteizen bildutako adituak. Orion egon ziren, traineruan arraunean; Bermeon pilota partidu batean; Aian harrijasotzaileekin harriarekin saioak eginez...

[Goiko irudian mintegian parte hartu zuen japoniar aditu taldea (argazkia C.Urdangarin)]

‘Guretzat jokoa talde harremanak bultzatzeko era da: taldea, nortasuna finkatzen ditu’, azaltzen du Etxebestek. ‘Japoniar gizartean, ordea, joko tradizionalak jainkoekin eta izpirituarekin daukate zerikusia. Do hitzak --judo hitzean adibidez-- bidea adierazten du: norberaren garapena bultzatzeko bidea dira kirolak’. Etxebestek adibide gisa Okinawan egiten den ‘sokatira’ aipatzen du, Euskal Herrian egiten denaren antzekoa baina desberdina oso. 'Bi soka daude, bata arra eta bestea emea. Taldeak ere bi norabidetan jartzen dira: Ekia eta Mendebala. Batek irabazten badu uzta ona izango dutenaren seinale da eta besteak irabazten badu arrantza oparoa izango dutela esan nahi du. Azkenean denak dira irabazle, komunitateak irabazten du eta’.


Lotura interesgarriak

Euskal Herriko Unibertsitatea
www.ehu.es

Kobeko Unibertsitatea, Japonia
www.kobe-u.ac.jp

Euskal-japoniar topaketa hasiko da gaur Gasteizen
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko irailaren 17an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia