Ander Caballero, Euskadiko ordezkaria AEBetan, Riki Lasa aizkolaria eta Saint Pierreko euskal festara bildu ziren beste bi lagun (argazkia New England Basque Club)
Urtero legez, abuztuan Saint Pierre eta Miquelon uharteek Euskal Jaia ospatu zuten. Kanada kostaldean daude irla hauek –Frantziako lurraldea dira, ordea--, eta euskal ondarearen arrasto nabaria gordetzen dute, baleazaleen garaitik hona. Aurtengoa 33. Euskal Jaia izan da, Zazpiak Bat Euskal Etxeak eta Ligue de Pelote Basque elkarteak antolatuta. Festara Quebeceko eta AEBetako lagunak ere bildu ziren: New England Basque Club-ek herri kirol erakustaldietan parte hartu zuten aizkolariak bidali zituen eta Euskaldunak Quebec elkartetik bisitariak joan ziren. Horrez gain, bertan izan zen ere Ander Caballero, Euskadiko ordezkaria AEBetan.
Saint Pierre, Ipar Atlantikoa. Abuztuaren 11tik 21ra euskal jaietan murgilduta izan dira Saint Pierre eta Miquelon irlak. Jarduerak Saint Pierren egin ziren lehendabizi, eta abuztuaren 19tik 21era Miquelonen. Pilota izan zen ekitaldietako ardatz nagusienetako bat, Saint Pierreko frontoi historikoan jokatu ziren partida eta erakustaldiekin.
Egitarauan leku zabala izan zuen ere “force basque” delakoak; herri kirolak, alegia. Erakustaldiek New England Basque Clubeko herri kirol taldearen partaidetza izan zuten; Riki Lasa aizkolariak esaterako, Euskal Herritik etorri ziren Andde Arbenoitz eta Christoph Sanchezekin batera eman zuen erakustaldia, 2000 lagunen aurrean.
New England Basque Club lehendabizikoz izan da aurten jaialdi honetan; New England AEBko estatua da baina Saint Pierre et Miquelonetik nahiko gertu dagoenez, aurreneko bisita hau bi elkarteen eta Quebeceko Euskaldunak elkartearen arteko lankidetza polit baten hasiera izan daitekeela uste dugu.