euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal Jaia Valladoliden: Gure Txokok Kezka taldea ekarri zuen hiriko kaleetan euskal dantza erakustera

2015/10/02

Kezka Dantza Taldeko dantzariak erakustaldian (argazkia Valladolid EE)
Kezka Dantza Taldeko dantzariak erakustaldian (argazkia Valladolid EE)

PUBLIZITATEA

Valladolideko Gure Txoko Euskal Etxeak bere urteroko Euskal Jaia ospatu zuen iragan irailaren 26 eta 27an. Aurten festak gonbidatu berezia izan zuen: Eibarreko Kezka Dantza Taldea, eta, eurekin batera, elkarteko dantzariek eta koruak euskal dantza ezagutzera eman dute hiriko kaleetan. Festa igandean amaitu zen, elkartean egin zen lagunarteko bazkari batekin. 

Valladolid, Espainia. Euskal kulturak Valladolideko kaleetara jauzi egin zuen irailaren 26 eta 27an, Gure Txokoren Euskal Jaia dela eta. Festa larunbatean hasi zen, arratsaldean, Valladolideko Katedralean egin zen mezarekin. Ricardo Blazquez kardinalak, aurretik Bilboko gotzaina izan zenak, gidatu zuen elizkizuna. Euskal etxeko koruak ere parte hartu zuen, eta abeti batzuk abestu zituen, besteak beste Aita Gurea eta Agur Jaunak. Gainera, Kezka Dantza Taldeak erakustaldi bat egin zuen.

Meza amaituta, elizaren kanpoaldean dantza saioa egin zuen Kezkak, Gure Txokoren ordezkari gisa. Besteak beste Ezpata-dantzak eta Trokeo-dantzak dantzatu zituzten, eta baita ere Ohorezko Aurreskua bertan bildu ziren agintarien aurrean: Ricardo Blázquez kadinala, José Andrés Cabrerizo, katedraleko dean-an eta Valladolideko udaleko zenbait ordezkari.

Kezka taldeko dantzariekin batera, txistulariak aritu ziren --Amaia Baglietto, Andoni Altzibar eta Andoni Urbieta-- eta Iñaki Baruak atabala jo zuen. Oihane Llorente izan zen kapitaina Unibertsitateko plazan egin zen erakustaldian.

Dantza eta bazkaria

Hurrengo egunean euskal dantza hiriko kaleetara atera zuten euskal etxeak eta Kezkako dantzariek. Plaza Nasgusian hasi zuten ibilbidea, eta gero handik hiriaren erduguneko beste zenbait lekuetara joan ziren: Coca Plaza, San Benito... Kezkako dantzariekin batera aritu ziren euskal etxeak, eta denen artean hainbat euskal dantza erakutsi zizkietan Valladolideko hiritarrei: Soka-dantzak, Arrateko brokel-dantzak, fandangoak... eta baita zenbait kanta herrikoi ere (Ikusi Mendizaleak, Boga-boga...).

Eguna amaitzeko Gure Txokon bildu ziren denak eta lagunarteko bazkaria egin zuten, giro ederrean. 

Euskal Jaia igarota, eguneroko ekintzetan murgildu da Gure Txoko. Esaterako, astelehen honetan bertan hasiko dira bertan ikasturte honetako euskara klaseak.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia