euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal jai eta elkarretaratze asteburu handia bihar eta etzi San Frantziskon, Gure Euskal Etxearen 43. Urteurren Bestan

2025/02/14

Guztia prest da San Frantziskoko Gure Euskal Etxeko kantxan larunbat eguerdiz zientoka jenderi harrera egiteko
Guztia prest da San Frantziskoko Gure Euskal Etxeko kantxan larunbat eguerdiz zientoka jenderi harrera egiteko

PUBLIZITATEA

San Frantzisko, AEB. Urtero San Frantziskoko Gure Euskal Etxea —ingelesez Basque Cultural Center— elkarteak egiten duen bi festa nagusienetako bat da, abuztuko Udako Bestarekin batera, AEBko euskaldun andana eta bertako eta Euskal Herriko pilotari, musikari eta gonbidatuak partaide. Euskal komunitateko kideek auzolanean lan eginez euren eskuekin zutarazi eta 1982an irekieratu zuten eraikinaren urtebetetzea ospatzen duen festa honek urteroko funtzio garrantzitsua beteko du aurten ere, datorren asteburu honetan, otsailaren 15 eta 16an, lagun zaharrak agurtzeko eta berriak egiteko gune bihurtuta, pilota partida ederrak ikusteko eta bapo jan eta molde xaharrean kantuz aritzeko aukera emanez, euskal zinema ikusi, omenaldiak egin, euskal meza entzun, euskal dantzariak ikusi eta euskal musikaren erritmopean gogoz dantzearekin batera. Duela 50 edo 60 urte Euskal Herriaren bihotzean —Baigorri, Ezterenzubi edo Arizkun bezalako herri txikietan— antola zitekeen moduko besta bat da, Kaliforniara ekarria, eta hemen pasatutako urteen ezaugarri euskal-amerikarrez hornitua.

Besta ederra prestatu dute aurten ere South San Frantziskoko 599 Railroad Avenue-n, sarrera librepean. Osagai nagusiak, jendea eta jendeak ekarritako kolore eta moldeak, euskara bera ere nonahi entzuten da, eta 'betiko euskal manerak' dira nagusi. Gure Euskal Etxeak jatetxe ederra dauka, asteburu honetan, horrez gain, bazkari eta afariak, Europako herriko festetan bezala, frontoian mahaiak jarrita zerbitzatuko dira, EEko kideek berek osatutako parrillero-taldeak haragia paregabe prestatuz. Ez da ahaztu behar lekuak duen aparkaleku zabala, garrantzitsua arras paraje hauetan. Aipatu dezagun aurtengo programa:

Larunbata, otsailak 15

  • 13:00 Euskal zinema, Josu Martinezen 'Bizkarsoro'rekin, jatorrizko bertsioan, azpitituluak ingelesez. BEO (Basque Educationak Organization) lankide antolatua, sarrera kitorik
  • 15:00 Pilota partidak (ikus beherago pilotariak)
  • 18:00 Zintzur bustitze eta aperitifa EEko tabernan
  • 19:00 Afaria kantxan, behiki barbakoa
  • 21:00 Dantzaldia, Donibane Garazitik etorritako Kontrabanda taldearen musikaren erritmopean

Igandea, otsailak 16

Klikaren, dantzari, pilotari eta partaideen sarrera

  • 10:00etan Euskal Meza kantxan, klika, dantzariak eta Elgarrekin koralarekin (meza eta goiz honetakoa zuzenean online segitu nahi dutenek hemen klik eginez egin dezakete)
  • Segidan San Frantiskoko 2025 'Bizi Emankorra' Sarien ematea Jean Pierre Elissetche, Ricardo San Mames, Nicole Sorhondo eta Jose Santana-ri, euskal komunitatearen alde euren bizitza osoan zehar egin lan balios eta jarraituagatik. Dantzari Gazteak taldekoen aurreskua, txistulariekin
  • 13:00 Bildoski barbakoa bazkaria kantxan
  • 16:00 Pilota partidak
  • 19:00etan 'Moxkor salda' (baratxuri zopa)

Pilotariak. Pilota partidak beti funtsezko dira programan, eta aurten Euskal Herritik heldu dira, Iparraldetik, Joko Garbi pilotariak: Eneko Sarratea, Pantxo Lissar, Eric Migueltorena, Bruno Irachabal, Ximun Etcheverry eta Thomas Galharrague; Hegoaldetik, pilotari neska-mutikoak, Leire Galdos, Amaia Irazustabarrena, Irati Ruiz de Azua, Laura Saez, Aitor Mendizabal, Manex Balerdi, Xabier Rekalde, Beñat Garmendia, arduradun Oier Zearra eta Lur Ziarrusta.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia