euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

"Euskal Istoriak Hegoaldean" (sic) proiektuak munduari Hegoamerikako euskaldun izatea zer den azaldu nahi du

2014/09/25

"Euskal Istoriak Hegoaldean" webgunean bilduko dira Argentinako euskaldunen testigantzak
"Euskal Istoriak Hegoaldean" webgunean bilduko dira Argentinako euskaldunen testigantzak

PUBLIZITATEA

"Bertsolarien antzera, has zaitez zure bizipena lau haizetara kantatzen sarea baliatuz, Twitter, Facebook edo beste edozein komunikabide berriren bitartez". Horixe da, hain zuzen ere, “Euskal Istoriak Hegoaldean” (sic) proiektuaren proposamena: Diasporako euskaldunen bizipenei buruzko testigantzak biltzea eta zabaltzea. Ondoren, “transmedia” kontakizun hauek erakusketa batean bilduko dira eta datorren azaroan Argentinako Euskal Astean erakutsiko dira, La Platan. Parte hartzeko epea urriaren15a da. Guk egitasmoaren sustatzaile Paula Almiron-Chamadoirarekin hitz egin dugu, transmedia kontzeptua zertan datzan argitzeko. Elkarrizketa egin ondoren, internetera jo dugu: zoritxarrez, esan beharra dugu webgunearen euskarazko bertsioa guztiz akastun eta irakurgaitza dela.

Donostia-San Sebastián. Paula Almirón-Chamadoira buenosairestarra EHUko Ikusentzunezko Komunikazio eta Publizitate Sailean ikerlari dabil, eta Leioako Kanpusetik ari da sustatzen “Euskal Istoriak Hegoaldean” (sic) proiektua. Leioatik mundura, izan ere, proposamenak munduko beste muturrean bilatzen du erantzuna: Hegoamerikan.

“Euskal Istoriak Hegoaldean” proiektuak euren bizipenen berri emateko erronka bota die Diasporako euskaldunei, argentinarrei partikularzki, munduan zabaltzea baina ezaugarri berezi batekin: eurek sortu behar dituzte eta zabaldu behar dituzte testigantzok, izan Twitter, Facebook, webgune bidez… Irudimena nagusi, norberak erabaki behar du zer egin eta nola partekatu. Paulak egitasmoaren nondik-norakoak azaldu dizkigu.  

 -Zertan datza proiektua zehazki?

-​Ideia honakoa da: Argentinan euskaldunak nola ikusten gaituzten kontatzea, Argentinan erabiltzen diren euskal hitzak azaltzea (esaterako, txapelari han “boina vasca” esaten diote, eta txakurren etxeari "cucha", euskarazko kutxa hitzatik). Edo kontatzea Argentinan nola bizi izan den Diasporaren esperientzia, eta nola mantendu diren bizirik loturak, adibidez Euskal Etxeetako jarduerei esker.

Egitasmoaren berezitasuna zera da, transmedia proiektua dela, hau da, medio bi edo gehiago erabiltzen direla istorioa kontatzeko. Esate baterako, istorio bat bideo batean eta webgune batean zabal daiteke.

-Zer dela eta jarri duzu abian horrelako proiektu bat?

-​Argentinan bada euskal-argentinar kultura bat, euskal kulturaren parte sentitzen gara Argentinan eta hori Euskal Herrian ez da oso ezaguna. Horrenbestez, egitasmo honen bidez aukera ematen diegu Argentinako euskaldunei esperientzia hori kontatzeko, eurek bizi eta sentitzen dutena hitzetan eta iruditan jartzeko. Immigranteen seme-alaba, biloba eta birbiloba guztiei asko laguntzen digun prozesua da.  

Sorterria uztea eta urrundik hango parte sentitzea belaunaldiz belaunaldi trasmititu den zerbait da, desagertzen ez den sentimendua, eta argentinar izatearekin nahasten den emozioa.  

Ekimen honen bidez gainerako euskaldunei istorio hauen berri jakiteko aukera eman nahi diegu, eta euskal izatea, zabalduz doan sentipena dela ikus dezakete. Izan ere, gutxik dakite Argentinan Euskal Herrian baino euskaldun gehiago daudela.

Bestalde, “Euskal Istorioak Hegoaldean” Transmedia Week ekimenaren parte da. Nazioarteko ekimen irekia da eta nik Euskal Herritik ekarpena egin nahi nuen. Diasporako istorioak networking eran kontatzea partehartzeko era bikaina iruditu zitzaidan. Transmedia kontakizunak bertsolaritzaren izaera bizia, malgua eta nomada islatzen duela uste dut.

-Zer motatako lekukotasun bila ari zara?

-​L​anek kontakizun transmedia digitalak izan behar dute eta gutxienez bi medio digitalen bidez zabaldu behar dira (bideo digitalak, animazioak, webguneak, istorioak formato digitalean, Twitter, Facebook, applikazioak bideojokoak, argazki digitalak… ), istorio bakar bat kontatuz.  

​Transmedia kontakizunak, medio eta interfaz desberdinak erabiltzen dituzten narrazioak dira, eta ikusleak kontakizunaren zabalkunde eta hazte-prozesuaren protagonista bihurtzen dira. Ikuslea ekoizle eta parte hartzaile bihurtzen da, engaiatu egiten da.

​Kontakizunen gaia Argentinako euskaldunak dira eta Argentinako pertsonek zein elkarteek parte har dezakete, nahi adina lanekin. ​

-Nork sustatzen du proiektua? Laguntzarik izan al duzu?

-​Sostengu nagusia Argentina-Mercosurreko Euskadiren Ordezkaritza da. Proiektu independentea da, baina sostengua eman didate eta baita Argentinan honen berri emateko laguntza ere.

-Urriaren 15a arte luzatzen da lanak bidaltzeko epea. Demagun lan bat prest daukadala, zer egin beharko nuke?

-Zuzenean gure webgunean lanaren berri eman edo e-mail bidez izena eman helbide honetara idatziz: inscripcion@historiasvascasdelsur.org,;​ edo Ordezkaritzako Mariana Satosteguiri idatziz (marianasatostegui@ej-gv.es).

-Lekukotza horiek guztiak bildu eta gero, zein izango da hurrengo urratsa?

-Aurkeztutako lanak azaroan La Platan egingo den Euskal Argentinar Aste Nazionalean eta Euskadin, Transmedia Week-en, erakutsiko ditugu. Eta hortik aurrera, interneten izango dira ikusgai.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia