euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Elena Itcea eta Lagun Onak abesbatzaren eskutik, euskal irudi eta abesti adierazgarrienak Saladillon

2011/09/13

Lagun Onak abesbatza Saladilloko Marconi Antzokian (argazkia EE)
Lagun Onak abesbatza Saladilloko Marconi Antzokian (argazkia EE)

PUBLIZITATEA

Itxaropen euskal etxeak antolaturik, garrantzi handiko bi ekitaldi burutu ziren Buenos Aires probintziako Saladillo herrian azken bolada honetan. Alde batetik, Pablo Picassoren koadrorik famatuaren analisia eskaini zien Elena Itceak Saladilloko Mitre Liburutegian bildutako entzuleei. Beste alde batetik, Lagun Onak abesbatzaren kontzertu batez gozatu ahal izan ziren herritarrak Marconi antzokian. Urte osorako egitaraua jarraituz, urriaren 22an Che que Parché taldearen bisita jasoko dute euskal etxeko kideek.

Saladillo, Argentina. FEVAren kultur eskaintzaren markoan eta Gral. Rodriguezeko Eusko Aterpea euskal etxearen izenean eman zuen 'Picassoren Guernica' bere hitzaldia Elena Itcea irakasleak Saladillo herrian. Hitzordua joan den abuztuaren 19an izan da eta herriko pintore batzuk bildu zituen.

“Dagokion testu inguru historikoan aztertu behar da Picassoren pintura. Horregatik oso garrantzitsua da momentu hartako gertaerak ezagutzea. Irudiak ez du era zuzen batean bonbardaketa erakusten. Hala ere, hori irudikatzen du eta pakearen aldeko ikur bihurtu da”, azaldu zien Gral. Rodriguezeko arte irakasleak Saladilloko hedabideei. “Gure asmoa da euskal kultura komunitatearengana hurbiltzea eta hitzaldi honekin urrats bat aurrerago goaz gure xedean”, adierazi zuen euskal etxeko kide den Silvina Bordenavek.

Elena Itcea Saladillon 2011 01

[Elena eta Maricarmen Itcea Silvina Bordenaverekin (argazkia EE)]

Lagun Onak abesbatzaren kontzertua

“Lagun Onak korua ekartzeko ideia duela hiru bat urte sortu zen. Ez da erraza izan baina Nerea Arza izandako kontaktuari esker azkenean lortu dugu”, jarraitzen du Bordenavek.

Taldearen berrogeita hamar kide aurkeztu ziren irailaren 4an Saladilloko Marconi antzokian. Herritarren erantzuna ere oso ona izan zen; izan ere, ehundik gora lagun bildu ziren aretoan, tartean Carlos Gorosito alkatea, Kultura eta Hezkuntza idazkaria den Aldo Catullo, eta Maria Ines Pellegrini eta Marcela Barreiro Kultura eta Hezkuntza idazkariak.  

Lagun Onak Saladillon 2011 01

[Publikoak antzokiko aretoa bete zuen Lagun Onak entzuteko (argazkia EE)]

Miguel Angel Pesce zuzendaritzapean, Lagun Onak abesbatzak errepertorio handia eskaini zuen Saladillon. “Agur Maria”, “Aita Gurea”, “Ama begira zazu” eta “Nerea izango zen” izan ziren jarduera handiko abeslariek euskal kantutegiko egindako pieza batzuk. Immigrante Eguneko ospakizunen artean burututako ekitaldi honetan dantza taldeek ere hartu zuten parte irailaren 4an.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia