euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal irakasle eta ikertzaile talde polita bildu zen Bakersfield-en V. Mugaz Gaindi Mintegian

2008/10/27

Bakersfield-eko Mugaz Gaindin parte hartutakoak (argazkia NaBasque.org)
Bakersfield-eko Mugaz Gaindin parte hartutakoak (argazkia NaBasque.org)

PUBLIZITATEA

Estatu Batuetako Euskal Ikasketen arloan ari den irakasle eta ikertzaile talde polita bildu zen joan den astean Bakersfield-en (Kalifornia), bertako California State Unibertsitatean eginiko 2008 Mugaz Gaindi Mintegian. William Douglass antropologo eta euskal diaspora gaietan aditu ospetsua denak zabaldu zituen hiru egunez --asteazken, ostegun eta ostiral-- luzatu ziren saioak. Jeronima Echeverria doktore kaliforniarrak Bakersfield-eko Noriega Hotel euskal ostatu historikoan emandako hitzaldiarekin amaitu zen giro aberatsean eta arrakastaz eginiko Mintegia.

Bakersfield, Estatu Batuak. Honelako elkarretaratzeetan, arlo berean lanean ari diren jendeen arteko harremana eta informazio-trukea eragin eta sustatzea izaten da helburu nagusietarik. Hori lortu zen joan den astean Bakersfield-en, eta horrekin batera esan daiteke bertan garatutako lanak urrats berria ekarriko duela Estatu Batuetako Mendebaldean azpiegitura sendo eta koordinatuak sortu eta finkatzearren mugitzen ari diren pertsona eta elkarteen esparruan.

Euskal Ikasketak eskaintzen dituzten eta eskaini nahi dituzten Unibertsitateen Partzuergoa aitzinarazteko gaiarekin batera, gai oso desberdinak jorratu ziren. Parte hartzaile izan ziren William Douglass (Nevadako Unibertsitatea, Reno), Joseba Agirreazkuenaga (Euskal Herriko Unibertsitatea, Leioa), Alberto Angulo (Euskal Herriko Unibertsitatea, Gasteiz), Argitxu Camus (Nevadako Unibertsitatea, Reno), Jose Mallea-Olaetxe (Nevadako Unibertsitatea, Reno), David Río (Euskal Herriko Unibertsitatea, Gasteiz), Marijo Olaziregi (Nevadako Unibertsitatea, Reno), Oscar Alvarez Gila (Euskal Herriko Unibertsitatea, Gasteiz), Xabier Irujo (Nevadako Unibertsitatea, Reno), John Ysursa (San Diego State University), John Bieter (Boise State University), Alberto Santana (Boise State University), Steven Gamboa (California State University, Bakersfield), Viola Miglio (University of California, Santa Barbara) eta Jeronima Echeverria (California State University, Fresno), besteak beste.

Mintegia Bakersfield-eko Euskal Etxeak, NABOk, EuskoSarek eta Kaliforniako Estatu Unibertsitateak Bakersfield-en duen kanpusak antolatu zuten.

Mintegiko argazki sorta eta erreferentziak, NABOren webgunean, hemen.

Lotura interesgarriak

Kern County Basque Club, Bakersfield-en
www.kcbasqueclub.com

Informazioa EuskoSaren, ingelesez
www.euskosare.org/euskal_mundua/mugaz_gaindi_bakersfield_schedule



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia