euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal ikuskizun eta festa edergarri larunbatean New Yorken Ellis Island-eko euskal erakusketa inauguratzeko

2010/02/03

Datorren larunbatean, otsailaren 6an, New Yorkeko Ellis Island-en inauguratuko den erakusketaren paneletako batzuk
Datorren larunbatean, otsailaren 6an, New Yorkeko Ellis Island-en inauguratuko den erakusketaren paneletako batzuk

PUBLIZITATEA

Datorren larunbata New York Estatu Batuetako euskal diasporaren erdigune bilakatuko da, hainbat jende bilduz Ellis Island-en egingo den euskal erakusketaren inauguraziora. Hitzordua ez da edonolakoa izango, batetik lekuagatik, erakusketa leku oso berezi batean kokatu baita, hala nola 1892 eta 1954 artean Europatik estatubaturatutako 12 milioi emigranteren derrigorrezko pasagune, galbahe eta sofrikario ere izan zen lekuan, gaur egun turismo gune bihurtua, Askatasunaren Estatuaren ondoan (300.000 bisitari bil ditzakeela pentsatzen da); eta, bestetik, erakusketa beragatik, eskaintzen duen informazioagatik eta euskaldunak ez diren bisitari horien begietara ekarriko dituelako --seguruenik lehenengoz-- euskaldunak, zein diren eta euren kultura, euskal emigrazioaren fenomenoa eta lehengo eta egungo Euskal Herriaren eta euskal-amerikar egitatearen izaera eta errealitatea.

New York, Estatu Batuak. Inaugurazio ekitaldia berez larunbat goizean izango bada ere, ospakizuna arratsalde-gauera arte luzatuko da, erakusketaren inaugurazioaren osagarri antolatu den programa dela-eta. Ekitaldiak goizeko hamaiketan hasiko dira Ellis Island-eko Immigrazio Museoan, izen bereko Manhattan aurreko uhartean, bertara heltzeko New Yorkeko ferry klasiko horietako bat hartu behar delarik. Inaugurazioa edertzeko, Boisetik etorririk, Biotzetik euskal abesbatza eta Oinkari dantzariak arituko dira, ekitaldiari behar bezalako solemnitatea ematearren.

Agintarien artean, bertaratuko dira, besteak beste Ellis Island-eko Museoko arduradunak, New Yorkeko Eusko Etxeko lehendakari eta buruzagi zein buruzagiak, Boiseko Euskal Museo eta Kultura Etxeko lehendakari eta zuzendaritzakoak, BSUko (Boise State University) Euskal Ikasketa Zentroko zuzendariak, NABOko lehendakari eta batzordekideak, eta herrialdeko beste euskal etxe batzuetako ordezkariak. Eusko Jaurlaritzaren aldetik, Guillermo Echenique Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia eta Julian Celaya Kanpoko Herritarrentzako eta Euskal Gizataldeentzako zuzendaria bertaratuko dira.

Arratsalde-gau partez, New Yorkeko Eusko Etxeak eta Eusko Jaurlaritzaren Estatu Batuetako Ordezkaritzak gonbitea luzatu dute --presentzia aurrez behar da baieztatu-- kultur ekitaldi, afari edo ondoko dantzaldian parte hartzeko. Hor berriz ere arituko dira Boiseko Biotzetik eta Oinkari dantzariak, eta afalostean Idahoko hiriburukoa ere den 'Amuma Says No' euskal folk rock taldea arituko da giroa eta erritmo euskal-amerikarrak ipintzen. Hondarreko hau guztia Manhattango Puck Building delakoan izango da.

"Hidden in Plain Sight: The Basques" (Begibistan ezkutatuta: Euskaldunak) erakusketa Boiseko Euskal Museo eta Kultura Etxearen eta Eusko Jaurlatitzaren arteko lankidetza medio izan da posible, ideia eta proposamena Kanpo Harremanetarako teknikari Benan Oregiren eskutik heldu zelarik. Erakusketak badu webgunea: www.basqueexhibit.com eta asmoa Ellis Island-en printzipioz hiru hilabete egotea da, ondoren udan Boisera pasatzeko, Boisen Jaialdi euskal festa eta elkarretaratze erraldoia ospatzen ari diren bitartean Boiseko Euskal Museo eta Kultur Etxearen egoitzan ikusgai egon dadin.

-Xehetasun gehiago aurreko artikulu batean

ERAKUSKETAREN DATUAK

-Izenburua: "Hidden in Plain Sight: The Basques" (Begibistan ezkutatuta: Euskaldunak)
-Datak: Zabalik Ellis Island-en, otsailaren 9tik apirilaren 9ra, 2010
-Egileak: Zuzendariak: Michael Vogt (proiektuko zuzendaria) eta Patty Miller (Euskal Museoko zuzendaria); Diseinu Aholkulariak: Catapult 3, Boise; Aholkulariak: Alberto Santana, John Bieter eta Nere Lete (Boise State University); Benan Oregi (Eusko Jaurlaritza); John Ysursa; Gloria Totoricaguena; Christine Echeverria Bender; Mary Olavarria Christianson (FUSIONSet); C.W. “Smilie” Anderson; Xanti Alcelay (KTVB 7); Loni Manning; Michelle Alzola; Miren Eiguren; Nancy Zubiri; Boiseko Ikastolako ikasleak; Earle Swope; Amy Nack
-Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Boiseko Euskal Museo eta Kultur Etxeko langileak eta partikularren dirulaguntzak



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia