euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal Ikaskuntzen Alemaniako Etxeak euskal laburmetraiagileei deia eginez hasi du urtea

2010/01/14

Ostiral honetan Goethe-Frankfurteko Unibertsitatean emango den filmaren afixa, Euskal Ikaskuntzen Alemaniako Etxeak (Haus Baskischer Studien) antolaturik
Ostiral honetan Goethe-Frankfurteko Unibertsitatean emango den filmaren afixa, Euskal Ikaskuntzen Alemaniako Etxeak (Haus Baskischer Studien) antolaturik

PUBLIZITATEA

Frankfurten egoitza duen Euskal Ikaskuntzen Alemaniako Etxeak zine emanaldiak berreskuratuz ekingo dio urte berriari; hala eginen du bihar bertan, ostirala, "San Fermines'78" dokumentala proiektatuz, ondoren hilaren 27an, asteazkena, Kimuak saileko lanak eskainiz segitzeko. Baina ororen buru esan beharra dago elkarte alemaniar euskaltzale horretako koordinatzaile Martin Petrus harremanetan jarri dela EuskalKultura.com-ekin deialdi bat luzatzeko euren lanak Frankfurten eta Alemaniako leku gehiagotan erakutsi nahi dituzten euskal luzemetraiagileei, harremanetan jar daitezen berarekin, herrialde germaniarreko zenbait zinemaldirekin ari baita lanean, euskal ikusentzunezko emaitzei ahalik eta hedapenik handiena ematearren. Laburmetraiagilea bazara, ez aukera galdu.

Frankfurt, Alemania. Euskal ekimenen arloan, urte berria bihar ostirala arratsaldeko zazpietan hasiko da Frankfurteko Unibertsitatean, San Fermines'78 dokumentala eskainiko baita orduan, Euskal Ikaskuntzen Alemaniako Etxea antolatzaile. Bertatik azaldu digutenez, dokumentala interesgarria izango zaie Unibertsitatean Nafarroarekiko Sarrera Ikastaroa egiten ari eta Erresuma Zaharreko kultura, historia, geografia, politika eta bestelako gaietan ikasle direnei. Honela, "ikastaroa egiten ari diren 35 ikasleek zabaldu ahal izango dute, ikasgelatik kanpo, Foru Erkidegoko alderdi historiko-politiko eta kulturalez daukaten ezagutza".

Honi dagokionez, ikastaro hori segitzen ari direnek bisita egin zioten, adibidez, joan den azaroan Wiesbadenen, Espainiako ardoen azoka bati "eta bilatu eta topatu zein dastatu ahal izan zituzten, besteak beste, ardo nafarrak". "Ardo nafarrei buruz egin zitzaien aurkezpenak, dastatzeko aukera ere barnean, lagundu egin zien lehen eskutik ezagutzen errealitate nafarra ardo ekoizpenari dagokionez, eta osagai polita izan zen horrekin lotutako mundu errurala, eta oro har errealitate nafarra bere osotasunean ezagutaraztea helburu duen saioaldi honetan", adierazi dute.

Deia euskal laburmetraiagileei

Hilaren 27an, bestalde, euskal laburmetraien erakustaldia egingo da Frankfurteko Goethe Unibertsitatean, Kimuak saileko izenburuak eskainiz batetik, baina baita lan 'independenteagoak' ere. EuskalKultura.com-i adierazi zaionez, beraz, deia luzatzen zaie lanen bat erakutsi nahiko luketen euskal laburmetraiagileei, hasteko Frankfurten urtarrilaren 27an, baina baita ere ondotik Alemaniako beste zenbait puntu eta zinemaldietan (Wiesbaden, Ratisbona...). Harremanetan jar daitezen horretarako Martin Petrusekin, Frankfurteko Euskal Ikaskuntzen Alemaniako Euskal Etxeko koordinatzailea bera eta aldi berean euskal zinemaren eta kulturaren sustatzaile eta zabaltzaile handia Alemanian.

-Urtarrilaren 15ean, ostirala, "San Fermines'78" dokumentalaren emanaldia. Juan Gautier eta José Angel Jiménez-en lana, 19:00etan 6.257 aretoan, Westend Kanpusean Frankfurteko Goethe Unibertsitatean, Grüenburgplatz 1, sarrera kitorik

-Urtarrilaren 27an, euskal laburmetraien emanaldia, arratsaldeko zazpietatik aurrera 6. aretoan, Bockenheim Kanpusean, Georg-Voigt-Str. 6, sarrera kitorik



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia