Donostia-San Sebastián. Etxepare Euskal Institutuak antolatuta, “Bikaintasuna Euskal Ikasketetan” jardunaldien 12. edizioa egin dute joan den astelehen eta asteartean Miramar Jauregian, Euskal Herriko Unibertsitateko Udako Ikastaroen barruan, irakuleei zuzenduta bereziki. 35 irakurletza eta 28 irakurle daude gaur egun Euskal Herritik kanpoko unibertsitatetan, euretako hainbat ikastaroan partaide, online edo bertan. Hitzaldi, elkarrizketa eta trukerako bi egun izan dira, euskal hizkuntza eta kulturarekin zerikusia duten hainbat adituekin «Egin eta Egin, sustraiak sendotuz aurrera begira» lelopean.
Ikastaroko zuzendari Garbiñe Iztuetak helburuak zehaztu zituen, esanez irakurleen prestakuntzan sakontzeko hiru norabidetan begiratu behar dela: atzera, aurrera eta alboetara. Atzera, orain arte egindakoaz hausnartzeko eta, horretarako, irakurle ohiak gonbidatu zituzten. Aurrera begiratzea ere komeni da, erronka berrieak identifikatu eta nola aurre egin pentsatzeko. Eta baita alboetara ere: Lourdes Miquel López Bartzelonako Hizkuntza Eskola Ofizialeko irakasleak gramatika kognitiboari buruzko oso ekarpen interesgarriak egin zituen, eta beste hizkuntza batzuk ikasteko esperientzietatik abiatuta hausnartzeko aukera polita eman zuen.
Euskal hizkuntza eta kultura arloko irakasle esperientziatik mintzatu ziren Gorka Mercero (Liverpooleko Unibertsitatea), Aritz Galarraga (Bartzelonako Unibertsitate Autonomokoa) eta Karlos Cid Abasolo (Madrilgo Unibertsitate Konplutentsea). Astearte goizean, Joseba Sarrionandiak bere ikuskera eta pentsamoldeak komentatu zituen Habanako Unibertsitateko irakurletzako bere eskarmentua abiapuntu. Eta geroago Xabier Paya eleaniztasunaz euskal kulturan mintzatu zen.
INGURA online plataforma berriaren iragarpena
Testuinguru digitalean irakaskuntzak gaur egun dituen erronkei dagokienez, Amaia Arroyoren ekarpenak oso baliagarriak izan ziren, online eskolak eta eskola hibridoak dinamizatzeko baliabide eta trikimailuak eskaini baitzituen. Azpimarratzekoa. baita ere, Eskarne Lopetegi HABEko teknikariak egin zuen iragarpen edo aurrerapena: INGURA du izena HABE garatzen ari den euskara online ikasteko tresna digital berriak. Plataforma honen berri eman zuen teknikariak eta, aurreratu zuenez, datorren urteko Euskal Herriko udaberrirako erabiltzeko moduan egongo da, erabat zerotik sortuta, teknologia berriak integratuta.
Ikastaroa berez bukatuta, asteazkenean, irakurleak Tabakaleran elkartu ziren esperientziak partekatzearren. Topaketa horretan partaide izan ziren Bingen Zupiria, Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailburu eta Jaurlaritzako bozeramailea, eta Irene Larraza, Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria. Topaketa, urteko nobedadeen eta jardueren berri emateaz gain, aukera paregabea izan zen irakurletza bakoitzaren egoera partekatzeko eta astelehenean eta asteartean bizi izandakoa ebaluatzeko.