euskal diaspora eta kultura
2012/05/18
PUBLIZITATEA
Bakersfield, AEB. Kaliforniako Unibertsitateak, Bakersfield-eko kanpusean, Euskal Gaiei buruzko Mintegia egingo du bihar, besteak beste Kern konderriko Euskal Etxearen sostenguarekin. Mintegia 12:30tan hasiko da, Unai Nafarrate irakasleak emango duen Euskal Literaturari buruzko hitzaldiarekin. Nafarrate unibertsitateko Euskara eta Euskal Kultura irakaslea eta Euskal Filologian lizentziatua da. Bakersfield-era etorri aurretik Santa Barbarako Unibertsitatean Euskal Ikasketak irakasten zituen.
Ondoren, Zoe Bray adituak "The Power of Images in the Basque Imagination" hitzaldia emango du. Bray irakasle laguntzailea da Renoko Center for Basque Studies-en eta Zientzia Politikoetan eta Antropologian lizentziatua da. Euskal kulturari buruz ikerketak egin ditu eta "Living Boundaries: Frontiers and Identity in the Basque Country" liburua argitaratu du.
Noka Santa Barbaran
Datorren asteko ostegunean, berriz, Santa Barbarako Unibertsitateak hartuko dio Bakersfield-i lekukoa eta tartea eskainiko die euskal gaiei, "Dia das Letras Galegas" edo Galiziar Letren Eguna ekitaldiaren barruan. Bi izango dira euskal hitzorduak: batetik, Diana Palenzuela unibertsitateko euskara irakurleak Paz Andraderen galiziartasunaren eta euskal abertzaletasunaren arteko alderaketa egingo du; bestetik, Noka taldeak kontzertua eskainiko du.
kalifornian jaiotako Andrea Miren Bidart Oteiza, Begoña Echeverria eta Cathy Petrissans Parker euskal amerikarrek osatzen dute Noka taldea eta euskera hutsean kantatuz bi CD argitaratu dituzte jada Estatu Batuetan.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus