euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal idazle eta sortzaile talde joria bildu da Mexikon Guadalajarako Liburuaren Nazioarteko Azokaren 38. edizioan

2024/12/02

Ruper Ordorika FIL Foroan Guadalajaran 'Amour eta toujours' diskoa aurkeztuz 'A la Cubana' ikuskizunean (arg. Ariek Ojeda-Milenio)
Ruper Ordorika FIL Foroan Guadalajaran 'Amour eta toujours' diskoa aurkeztuz 'A la Cubana' ikuskizunean (arg. Ariek Ojeda-Milenio)

PUBLIZITATEA

Guadalajara, Mexiko. Joan den larunbatetik datorren iganderaino (azaroaren 30etik abenduaren 8ra) ari da egiten Guadalajaran bertako Nazioarteko Liburu Azoka (FIL Guadajara), aurtengoan euskal ordezkaritza zinez oparo batekin, idazleen artean bertan partaide izango baitira Arantxa Urretabizkaia, Bernardo Atxaga, Karmele Jaio, Kirmen Uribe eta Katixa Agirre; Ruper Ordorika kantaria ere ‘Amour eta toujours’ bere albuma aurkeztuz bertaratua da eta euskal ilustratzailetan Araiz Mesanza, Higinia Garay, Elena Odriozola, Maite Caballero eta Yolanda Mosquera partaide izango dira.

Urretabizkaia, Atxaga, Jaio, Uribe eta Katixa Agirre idazleek euskarazko sorkuntzaren aberastasuna erakutsiko dute Latinoamerikako literatura ekitaldi garrantzitsuena den honetan

Etxepare Euskal Institutuak zabaldu duenez, Arantxa Urretabizkaia, Bernardo Atxaga, Karmele Jaio, Kirmen Uribe eta Katixa Agirre idazleek euskarazko sorkuntzaren aberastasuna erakutsiko dute Latinoamerikako literatura ekitaldi garrantzitsuenean. Urtero ehundaka idazle eta argitaletxe, eta milaka profesional eta kulturzaleren topagune da Guadalajarako Nazioarteko Liburu Azoka (FIL Guadalajara) eta aurtengo edizioan euskal literaturak inoizko parte hartze nabarmenena izango du.

Mexiko Hirian hainbat aurkezpen egin eta gero [Etxepare Institutuko Irene Larraza laguntzaile, ikus beherago], Arantxa Urretabizkaiak bere liburu berriena dakar besopean Guadalajarara, ‘Azken etxea’ (Pamiela, 2023). Euskadi Literatura Saria eta 111 Akademia Saria eskuratu zituen Urretabizkaiak liburu honekin, eta Consonni argitaletxeak gaztelaniaz ‘La última casa’ izenarekin plazaratu ostean, Mexikoko irakurle eta profesionalei aurkeztuko die abenduaren 3an, FILen lehenbizi, eta Guadalajarako Impronta liburudenda ezagunean, jarraian.

Gaur Urretabizkaia eskola bateko ikasleekin arituko berdintasunaren aldeko borroka feministaz Marta Breen idazle norvegiarra eta Lina Meruane txiletarrarekin ‘En voz alta: el eco feminista’ solasaldian

Horren aurretik, gaur bertan, abenduaren 2an, FIL Guadalajarak gazteengan irakurzaletasuna sustatzeko duen programaren baitan, Urretabizkaiak hiriko ikastetxe batean ikasleekin antolatutako topaketa batean hartuko du parte. Eta egun berean emakumeen berdintasunaren aldeko borroka feministaren inguruan hausnartuko du Marta Breen idazle norvegiarra eta Lina Meruane txiletarrarekin batera, ‘En voz alta: el eco feminista’ solasaldian, Etxepare Euskal Institutua, Norwegian Liteatura Abroad (NORLA) eta Txileko Kultura, Artea eta Ondarearen Ministerioa sustatzaile.

Abenduaren 3an, Karmele Jaiok sorkuntza eta maitasuna ardatz izango dituen solasaldian hartuko du parte, ‘Erase una vez el amor’, Raquel Lanseros eta Jordi Soler idazleekin batera. Abenduaren 4an, Kirmen Uribek itzulerarik ez duten bidaiak izango ditu hizpide, Antonio Altarriba, Gioconda Belli eta Karina Sainz Borgo kide izango dituen ekitaldian. Eta abenduaren 5an, Bernardo Esquinca eta Patricio Pron-ekin batera, maskulinitate berrien inguruan hausnartuko du. Mexikoko matxismoaren azterketatik hasi eta maskulinitate berritua bilatzeraino, gizonek egungo gizartean duten paperaz eta sistema patriarkalarekin duten harremanaz arituko dira ‘Nuevas masculinidades: ¿deconstruir para construir mejores hombres?’ saioan.

Atxaga ‘Paraísos personales’ ekitaldian partaide Julieta Valerorekin; Katixa Agirre '¿Sueña usted con ovejas eléctricas?’ saioan Laura Fernandezekin, baita ondoren biak batxilergoko ikasleekin ere solaskide

Egun horretan bertan iritsiko da Bernardo Atxaga eta Katixa Agirreren txanda FILen. Atxagak ‘Paraísos personales’ ekitaldian hartuko du parte, Julieta Valerorekin. Agirrek berriz, Laura Fernandezekin batera, irudimenezko munduez jardungo du '¿Sueña usted con ovejas eléctricas?’ saioan. Amaitzeko, abenduaren 6an, Atxaga eta Agirre batxilergoko ikasleekin elkartuko dira hiriko ikastetxe banatan.

Euskal idazleen parte hartze zabal honek euskarazko sorkuntza audientzia berriei aurkezteko, eta Mexiko eta Latinoamerikarekin loturak estutu eta kultur-trukea sustatzeko aukera paregabea eskainiko du. Halaber, euskal literaturari ikusgaitasun eta oihartzun gehien emateko asmoz, egile hauen guztien agenda sustapen jarduera eta komunikabideetan elkarrizketa osatu du Etxepare Euskal Institutuak.

Euskal ilustratzaileak ere partaide: Araiz Mesanza, Higinia Garay, Elena Odriozola, Maite Caballero eta Yolanda Mosquera. Eta Ruper Ordorikak atzo kantatu zuen FILen

Etxepare Euskal Institutuak 2011tik sustatzen du urtero FIL Guadalajaran euskal idazleen parte hartzea, Mexiko eta Latinoamerikako irakurle eta profesionalei euskal literatura deskubritzeko aukera eskainiz. Aurreko urteetan Unai Elorriaga, Miren Agur Meabe, Harkaitz Cano, Anjel Lertxundi edota Eider Rodriguez bezalako izenak egon dira FIL-en.

Baina FIL Guadalajara ezinbesteko hitzordua da liburuaren sektorearentzat oro har. Idazleak ez ezik, euskal ilustratzaileak eta editoreak ere bertaratuko dira Azokara, izaera ezberdinetako jarduera profesionalak burutzera, eta Basque. Books. stand-a izango dute topagune. Honela, Euskal Ilustratzaileen Elkarteak eta FILek, Etxepare Institutua eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, FILustra ilustratzaileen foro profesionalaren 11. edizioa antolatzen dute, dozena bat mahainguru, tailer eta hitzaldiz, ilustratzaileen artean elkarrizketa eta sormen-trukea sustatzeko. Bertan izango dira Araiz Mesanza, Higinia Garay, Elena Odriozola, Maite Caballero eta Yolanda Mosquera euskal ilustratzaileak.

Horrez gain, eta joan den asteburuan dagoeneko agendan iragarri genuenez, FIL Guadalajaran da baita ere Ruper Ordorika kantaria, ‘Amour eta toujours’ diskoa aurkezten, azokak musikari eskaintzen dion atalean omenaldi berezi bat egiten Kuba eta musika kubatarrari 'A la cubana' izenburupean. Berarekin dira Arkaitz Miner (gitarra, bibolina eta mandolina), Lutxo Neira (kontrabaxua), Eduardo Lazaga (perkutsioak), Nando de la Casa (perkutsio eta teklatuak) eta Gibrán Rivera (gitarra).

Katalina Erauso nobela saritu bateko protagonista, Eider Rodriguez aholkulari. Irene Larraza Etxepare Institutuko zuzendaria programa estua ari da betetzen hiriburuan eta Guadalajaran

Aurtengoan Espainia izan da Guadalajarako Nazioarteko Liburuaren Azokako herrialde gonbidatua. Gaztelaniazko euskal sortzaileen bertan dira baita ere esaterako Dolores Redondo eta Fernando Aramburu. Gogora dezagun, bestalde, Sor Juana Inés de la Cruz Saria bertan emango zaiola Gabriela Cabezón Cámara-ri, Katalina Erauso protagonista duen nobela batengatik, Eider Rodriguez euskal aholkulari. Irakur hemen EuskalKulturaren artikulua sari honetaz.

Esan, azkenik, Etxepare Euskal Institutuko zuzendari Irene Larraza ere Mexikon dela, azaroaren 27tik abenduaren 4a arteko bidaian, bertako erakunde kultural eta akademikoekin harremanak estutzeko, euskara eta euskal kultura garaikidea ezagutzera emateko aukera berriak irekitzeko eta Guadalajarako Nazioarteko Liburu Azokan (FIL) parte hartuko duten euskal idazleei bertatik bertara laguntzeko asmoz, adierazi du Institutuak ohar batean.

Etxepare Institutuko Irene Larraza zuzendariak kontaktu bira egin du Mexiko Hirian eta orain Guadalajaran dago, euskal idazle eta sortzaileei sustengua ematen

Larrazak kontaktu programa oso estua ezarri du, hainbat hitzordu eta bilkurarekin, besteak beste Arte Ederren eta Literaturaren Institutu Nazionalarekin (Instituto Nacional de Bellas Artes y Literatura, INBAL), Hizkuntza Indigenen Institutu Nazionalarekin (Instituto Nacional de Lenguas Indígenas, INALI), Zinemateka Nazionalarekin (Cineteca Nacional) eta Mexikoko Unibertsitate Nazional Autonomoa (Universidad Nacional Autónoma de México, UNAM) eta Mexikoko Euskal Etxea ere bisitatu du hiriburutik Guadalajarara abiatu aurretik.

- Azokako programa
- Azokaren webgunea
- Elkarrizketa La Jornadan Arantxa Urretabizkaiarekin



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia