euskal diaspora eta kultura
2013/02/13
PUBLIZITATEA
Boise, AEB. Datorren larunbatean, otsailaren 16an, "Project Trey McIntyre" ekimenak "Arrantza returns home" ikuskizuna eskainiko du, dantza garaikidekoa eta euskal dantza eta kultura inspirazio hartzen dituena. Gau horretan bertan, Boiseko Euzkaldunak euskal elkartean bere hileroko afaria egingo du euskal etxearen egoitzan, Jesus Alcelay sukaldari oñatiar boisetarraren eskutik.
Hurrengo ostegunean, otsailaren 21ean, Euzkaldunak elkarteak "Kutsidazu bidea, Ixabel" filma eskainiko du, emanaldi ireki eta dohainekoan, Henar Chicoren "A Basque in Boise" blogak gogorarazi duenez. Luzemetraiak euskara ikastera Gipuzkoa barnelkaldeko herri batera doan gazte donostiar baten istorio barregarria kontatzen du: murgiltze prozesuan herriko familia batekin biziko da eta etxeko alabaz maiteminduko da. Baina familia zinez berezia da eta mutilak nekez ulertzen duenez haien euskara itxia, makina bat gaizki ulertu sortuko dira.
Emanaldia arratsaldeko 19:00tan hasiko da, baina, aurretik, 18:30tan, aperitibo bat zerbitzatuko da euskal etxean. Sarrera doan. Bertara joan ezin dutenentzako, filma Eitb.com webgunean ikus daiteke online.
Nokaren kontzertua
Hurrengo euskal hitzordua otsailaren 23an izango da, Kaliforniako Noka taldearen kontzertuarekin. Emanaldia Boiseko Basque Center-en egingo da, arratsaldeko 19:00tan, Ama Hizkuntzen Nazioarteko Eguna kari. Noka taldea Hego Kaliforniako hiru euskal-amerikar kantarik osatzen dute: Catherine Petrissans Parker, Andrea Bidart Oteiza eta Begoña Echeverria. Kontzertu honetan eurekin batera ariko dira Laurent Ascarain gitarra jolea eta Boise bertako Biotzetik abesbatza.
Taldeak euskal abesti herrikoiak --tradizionalak zein modernoak-- eta euren kantuak eskainiko ditu. Kantuak euskaraz izango dira, baina emanaldian zehar pantaila erraldoian letra horiek eta ingelesezko itzulpenak erakutsiko dituzte. Halaber, hiru kantariek abestiei buruzko aurkezpentxoak emango dituzte.
Euskaldunen erritualak
Azkenik, martxoaren 8an, Boiseko Euskal Museoan euskaldunen urteroko erritualei buruzko hitzaldia emango du John Ysursa historialariak. Solasaldia Basque Museum& Cultural Center-ek eta Boise State University-ko Euskal Ikasketa Programak antolatua da. Arratsaldeko 19:00tan hasiko da eta sarrera doan izango da.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus