Donostia-San Sebastian. Gure buletineko beste leku batzuetan aipatua dugu Korrika 2022 martxoaren 31etik apirilaren 10era bitartean garatuko dela Euskal Herrian eta bere Diasporan, barne daudela munduko hainbat lekuetan euskara eta euskal kultura ikasten ari diren unibertsitateetako irakurletza zein euskal etxeak. Etxepare Euskal Institututik datorkigu hain zuzen AEKrekin batera antolatu duten lehiaketako berri: mundu zabaletik heldu zaizkien Korrikako bideoak saritu nahi dituzte, eta horretarako zure bozka eskatzen dute.
Izan ere, munduko euskal etxeetatik zein unibertsitateetako irakurletzetatik iritsitako bideoak AEKren Youtubeko kanalera igo dituzte. Eta horien artean, “atsegin dut” gehien lortzen dituzten bi bideoek honako sariak jasoko dituzte:
- Unibertsitate sarea: bideo bozkatuenak AEK-k antolatutako online barnetegia, bi pertsonarentzat
- Euskal Etxeen sarea: bideo bozkatuenak: AEK-k antolatutako online barnetegia, bi pertsonarentzat
Gustukuen duzun bideoari zeure bozka emateko epea zabalik da dagoeneko, martxoaren 28ra arte. Emaitzak biharamunean adieraziko dira.
Hauek dira bozkagai diren hamabi bideoak:
- Freie Universität Berlin
- University of Helsinki
- University College Cork
- Tokyo University of Foreign Studies
- Adam Mickiewicz University Poznan
- Universidad Nacional Autónoma de México (I)
- Universidad Nacional Autónoma de México (II)
- Euskal Etxea Artea Palma de Mallorca
- Gure Txoko Centro Vasco Valladolid (I)
- Gure Txoko Centro Vasco Valladolid (II)
- Bordaleko Eskualdunen Biltzarra
- Gure Txoko Basque Club Sydney
Bozkatu eta saritu munduko euskara ikasleen lana!