euskal diaspora eta kultura
2013/07/09
PUBLIZITATEA
Ander Egiluz, Julen Larrañaga, Irati Del Rio, Oihana Otegi, Kristobal Zelaieta-k sinatua
Bukatu da aurtengo Bakersfield-eko Udaleku. Bertara bildu diren 102 haurrek hainbat aktibitate egiteko parada izan dute egunero, beti ere euskarari lotuak: euskara, mus, dantza, kantu, txistu eta pilota bezalako jarduerak Bakersfield-eko euskal etxean bertan egin ditugu.
Hauetaz gain, hainbat ateraldi ere egin ditugu kanpora (bowling, esnetegira bisita, goxotegia, zinea...). Bazkaltzeko astia bazen horrenbeste ekintza artean eta denok elkarrekin giro ederrean gozatu ditugu otorduak eta kalakak.
Guk, irakasleok, hasieratik, bakoitzaren arloan egun guztian zehar euskara sartzea genuen helburu; hau da, euskara, euskara ikasteko klaseetara mugatu ordez, eguneroko edozein egoeratan erabiltzen ahal dela erakutsi nahi izan dugu, musean edo pilotan jolasteko ere adibidez.
Hein handi batean lortu dugula uste dugu, euskarazko ikastordutik kanpo haurrek euskara erabili dutela ikusi baitugu, bakoitzak bere ahalaren arabera beti ere. Lan horretan Euskal Herriko zenbait irakasle ekartzeak haurrengan inpaktua sortu duela pentsatzen dugu.
[Irakasleak eta euren ekarpena ezinbestekoak dira Udalekuren edizio bakoitza arrakastatsua izan dadin (argazkia Udaleku 2013)]
Aitatxi eta amatxien hizkuntza zena begirale gazteen arteko komunikazio tresna ere bazela konturatu dira, eta horrek indar handia du, begiraleak gazteentzat eredu nagusia direla kontuan hartzen badugu.
Gazte baten aitak esaten zigun moduan, "begiraleak haurren begietan cool zarete", eta cool diren horiek euskaraz entzuteak badu bere garrantzia eta eragina.
Horrez gain, Euskal Herrira joateko aukera ez daukatenentzako ikuspegi berri bat ere bada, Euskal Herriko errealitatea hurbiltzen eta islatzen laguntzen duena.
Argi gelditu da haurrek bi astetan ongi pasa dutela eta oroitzapen onak daramatzatela.
[Dantza klasea frontoian (argazkia Udaleku 2013)]
Udaleku bukatua, eta nahiz eta bakoitza bere etxera itzuli den, Ameriketako euskaldunen arteko sarea indartzeko balio izan du kanpaldiak.
Gainera lagun zaharrekin elkartzeko eta berriak ezagutzeko aukera ezinhobea izan da Ameriketako euskal diasporaren geroa diren horientzat.
Jende ainitzek azpimarratu digu Udalekuren garrantzia, gaur egun eta etorkizunean euskal etxeen arteko elkartasuna sendotzeko.
[Neska mutilek gogotsu parte hartu dute ikastaroko klaseetan (argazkia Udaleku 2013)]
Aukera baliatu nahi genuke Udaleku posible egiteko ahaleginak egin dituen jendeari eskerrak emateko, egunez egun Udalekun presentzia eta umore ona erakutsi duten guziei, baita etxean bezala sentiarazi gaituztenei ere.
Jarrera hori gabe Udalekuk ez zuen, izan zuen energia izango.
Zorionak eman nahi dizkiegu Bakersfield-eko 2013ko Udalekua hain arrakastatsua izateagatik.
Euskal Herritik etorritako irakasleak: Ander Egiluz, Julen Larrañaga, Irati Del Rio, Oihana Otegi eta Kristobal Zelaieta.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus