euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal Herrirako bidaiaren zozketa eta lagunen arteko topaketa batekin bukatu da 2009. urtea Eusketxen

2009/12/30

Sylvia Saez, Mariana Spallatoren ama, bonu irabazlea eskuetan. Bere ondoan, Maria Elena Etcheverry, Eusketxeko lehendakaria (argazkiak EE)
Sylvia Saez, Mariana Spallatoren ama, bonu irabazlea eskuetan. Bere ondoan, Maria Elena Etcheverry, Eusketxeko lehendakaria (argazkiak EE)

PUBLIZITATEA

Hirugarren urtez jarraian, Eusko Kultur Etxeak, edo askorentzat Eusketxe gisa ezagunagoa den Buenos Airesko elkarteak, berrehun bat laguntza-bonu jarri ditu salgai uztailetik, kultur ekimenek eta Etxeko sortutako gastuei aurre egiteko helburuarekin. Saldutako bonu hauen artean Euskal Herrirako bidaia zozkatu da joan den abenduaren 19an, erakundearen urte amaierako jaian. Dantzek, abestiek, pintxoek eta ardo onak inguru ezin hobea sortu zuten irabazlearen izena jakiteko. 147 zenbakiarekin, zorionduna Ekin Dantzari taldeko kide den Mariana Spallato izan da. Aurten zortea izan ez dutenek topa egin zioten Marianari eta erakundeari, datorren urtean eurak irabaziko dutelakoan.

Buenos Aires, Argentina. Ordu gutxi falta dira urtea bukatzeko eta uda bete-betean sartuta, oporrak direla eta, Argentinako euskal etxe askotan, ekintzak gutxituko dira urtarrilean. Hori da, beste batzuen artean, Eusketxeren kasua. Alabaina, atsedena hartu baino lehen, Buenos Airesko Eusko Kultura Etxeak 2009ko agenda itxi zuen festa batekin. 'Nahiz eta Argentinan zein Euskal Herrian oso bolada txarra pasatzen ari garen, ezin ditugu galdu gure baikortasuna, ilusioak, alaitasuna eta elkar-lana egiteko gogoa', adierazi zuen Maria Elena Etcheverry de Irujo erakundeko lehendakariak. Mezu itxaropentsu honekin hasiera eman zitzaion jaiari.

Hasteko, Euskaltzaleak-eko abesbatzak bere euskarazko errepertorioa egin zuen. Ondoren, Ekin Dantzari Taldeko kideek bere trebetasuna erakutsi zuten bost pieza dantzatuz. Baina dantzariek beste zeregin bat izan zuten abenduaren 19an ospatutako jaian eta ondo baino hobeto bete zuten: dantzari aritu eta, beraz, bildutako jendeak bere aulkiak utzi zituen neska-mutilekin dantza egiteko. Musikarekin jarraitzeko, Euskara eta Kultura Tailerreko kideek, Juan Carlos Valente musikariarekin batera, “Aberriaren Muga” eta “Euskal Herrian Euskaraz” abestu zituzten harpaz lagunduta.

Eusketxe - 2009ko urte amaierako jaia

[Ekin Dantzari Taldea Eusketxek antolatutako urte amaierako jaian (argazkia EE)]

2009 urteko bidaiaren irabazlea

Urduritasuna eta antsietatea nabariak ziren Mexiko kaleko etxean zozketa egiteko garaian. Aurreko urteetan ez bezala, aurtengo irabazlea ez zegoen jaian. Izan ere, Mariana Spallato, 147 zenbakiarekin hegazkin-txartelak irabazi zituena, joan den irailetik Euskal Herrian dago Eusko Jaurlaritzak emandako beka batekin master bat egiten. 'Lagun batzuen etxean nengoen gau hartan --hemen lau ordu beranduagoa dela kontuan hartu behar da-- eta hurrengo goizean jaso nuen mazua', kontatu dio Euskal Herritik Marianak EuskalKultura-com-i nola eta noiz jakin zuen berri ona galdetu diogunean. 'Gero amak deitu zidan eta artean kostatzen zitzaidan sinestea. Badirudi Olentzero aurreratu egin dela eta opari hau utzi digu. Hegazkin-txartelak gurasoentzat dira, bisitatzera etorri ahal izateko', azaldu du neskak pozez beteta.

Topaketa bukatu baino lehen, Eusketxeko kideek eskerrak eman zizkieten gonbidatuei eta urtean zehar erakundeari bere laguntza eskaini eta eman diotenei; eta datorren urtean denak elkarrekin jarraitzeko animatu zituzten.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia