euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal Herrirako bidaian Villa Maria-ko euskal etxeko lagun talde bat hartu zuen Lopez lehendakariak

2012/05/25

Emilia Zugasti, Gabriela Ugo, Eugenio Onnainty, Raul Onnainty, Ana Maria Irastorza, Carlos Yanzon, Americo Ugo, Nestor Giraudo, Martha Olaviaga eta Mariana Papa Patxi Lopez Lehendakari eta Julian Celaya Gizataldeentzako zuzendariarekin (argazkia EE)
Emilia Zugasti, Gabriela Ugo, Eugenio Onnainty, Raul Onnainty, Ana Maria Irastorza, Carlos Yanzon, Americo Ugo, Nestor Giraudo, Martha Olaviaga eta Mariana Papa Patxi Lopez Lehendakari eta Julian Celaya Gizataldeentzako zuzendariarekin (argazkia EE)

PUBLIZITATEA

Apirilean burutu zuten bidaia Cordoba probintziako hiri honetako lagunek. Arbasoen lurra ezagutzeko helburua zuen bidaiak Euskal Herriko hainbat tokitara eraman zituen, tartean, Donostia, Baiona, Maule, Donibane Garazi, Iruñea, Gasteiz eta Bilbora. Gasteizen, talde argentinarra Lopez Lehendakariarekin eta Julian Celaya Jaurlaritzako Euskal Herritar eta Gizataldeentzako zuzendariarekin bildu zen Legebiltzarrean. “Bidaia ez zen ofiziala izan eta ez ginen, beraz, erakundearen izenean joan; hala ere, bertan egonda, egoki iruditu zitzaigun Lakuako agintariekin elkartzea”, azaldu dio EuskalKultura.com-i Euzko Etxea-ko hautetsi nagusia den Raul Onnaintyk.

Villa Maria, Argentina. Hamabi eguneko bidaia egin zuen Villa Mariako euskal etxeko lagun talde honek euren arbasoen jaioterrira. Apirilaren 12an hasitako ibilbidean Euskal Herri osoan barrena ibili ziren, eta zazpi hiriburuak bisitatu zituzten, hiri bakoitzean bertoko leku eta ezaugarri garrantzitsuenak ezagutu nahirik.

Taldeko partaideak ziren Emilia Zugasti, Gabriela Ugo, Eugenio Onnainty, Raul Onnainty, Ana Maria Irastorza, Carlos Yanzon, Americo Ugo, Nestor Giraudo, Martha Olaviaga eta Mariana Papa, eta Gasteizerako bisitan Patxi Lopez lehendakariarekin eta Julian Celaya Gizataldeentzako zuzendariarekin biltzeko aukera izan zuten. Elkarretaratzea apirilaren 19an izan zen, Eusko Legebiltzarrean.

“Bidaia ez zen instituzionala izan, pribatua baizik. Honek esan nahi du ez dugula inongo diru-laguntzarik jaso euskal etxetik bidaia egiteko. Hala ere, euskal etxeko taldea ginenez eta Gasteizen geundenez, nola ez genuen bisitatuko bada lehendakaria?”, esan dio Raul Onnainty Villa Mariako Euzko Etxea-ko lehendakariak EuskalKultura.com-i.

Zuzendaritza berritzea eta 2013ko Euskal Astea

Onnaintyrekin hizketan, Cordoba probintziako euskal etxe honetako lehendakariak baieztatu digu 2013koko Euskal Aste Nazionala Villa Marian izango dela. “FEVAri eskatu eta baiezkoa onartu zuten azkeneko bileran. Hala ere, asko falta da oraindik, badugu denbora nahikoa gauzak antolatzeko, aurretik Rosarioko Euskal Astea ere badago-eta”, azaldu digu Onnainty lehendakariak. “Beste alde batetik, uztailean berrituko da gure euskal etxeko Zuzendaritza Batzordea eta nire ustez batzorde berriaren eskuetan utzi behar dugu Euskal Astearen antolakuntza. Eurak izango dira agintariak 2013an, beraz pentsatzen dugu eurak erabaki behar dutela nola izango den”, jakinarazi digu Villa Mariako buruzagiak.

Zuzendaritza Batzorde berriari buruz ere galdetu diogu Onnaintyri, zehatz mehatz hurrengo eperako aurkeztuko al den eta hauxe erantzun digu: “ni ez nago ados bigarren hautaketekin, ez euskal etxean ezta beste arloetan ere; beraz ez dut neure printzipioen kontra jokatuko. Gainera, argi daukat aukera eman behar zaiola jende berriari, gazteei bereziki. Eta gure euskal etxean gazte asko ditugu ardurak hartzen hasiak. Izan ere, adin guztietako kideak ditugu lan egiteko prest daudenak”, azpimarratu du Onnaintyk.

Batzorde berria hautatzeko biltzarra uztailean izango da. Datozen hilabeteei begira, besteak beste Aitaren Eguna eta San Inazio ospatuko dute Villa Mariako euskaldunek.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia