euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal zapore eta soinuak bateginik Rosarion Itziar Aguirre chef-a eta Anne Etchegoyen kantaria medio

2013/04/12

Anne Etchegoyen kantari donapaleutarra eta Itziar Aguirre ched rosariotarra. Sukaldaritza menperatzearekin batera, xarmantki mintzo du Itziarrek euskara.
Anne Etchegoyen kantari donapaleutarra eta Itziar Aguirre ched rosariotarra. Sukaldaritza menperatzearekin batera, xarmantki mintzo du Itziarrek euskara.

PUBLIZITATEA

Bata Rosario bertako euskalduna (Aguirre) eta bestea Donapaleutik etorria, Nafarroa Beherean (Etchegoyen). Sukaldaritza eta musika izango dira Rosarioko Ros Tower hotelean burutuko den ikuskizuneko protagonistak. Euskal kulturaren omenezko gauean, Itziar Aguirre chefak eta Anne Etchegoyen abeslariak euren artea zuzenean eskainiko diete bildutako lagunei. Hitzordua apirilaren 19an, Rosarioko Ros Tower hotelean. Baina Etchegoyenen beste bi emanaldi ekainiko ditu Argentinan datorren astean: apirilaren 18an Buenos Airesen, eta apirilaren 20an Zazpirak Bat euskal etxe rosariotarrean, Aberri Eguneko ospakizunaren baitan.

Buenos Aires, Argentina. Argentinako Kultur Industrien Merkatua-k (Mercado de Industrias Culturales Argentinas-MICA) gonbidaturik, egun gutxiko bira egingo du datorren astean Anne Etchegoyen kantari baxenabartarrak Argentinara. MICAko kideekin bete behar dituen konpromisoek ez diote eragotziko, ordea, bertako publikoarekin berriro elkartzea.

Hiru kontzertu emango ditu guztira Donapaleuko abeslariak, bata hiriburuan eta beste biak Rosarion. Buenos Airesen eskainiko duena apirilaren 18an izango da, gaueko 9:30etan, ‘Salta y Resto’ izeneko jatetxean. ‘Salta y Resto’ San Telmo auzoan dago, Salta kaleko 755. zenbakian. Emanaldia gaueko 9:30etan hasiko da eta erreserbak egiteko kontaktua 11 4381-7164/7387 edo info@saltayresto@com.ar da.

Euskal Herriko zapore eta soinuak

Bestalde, ‘Euskal Herriko zapore eta soinuak’ du izena Rosarioko Ros Tower hotelean Anne Etchechegoyenek eta Itziar Aguirrek gauzatuko duten ikuskizunak. Publiko orokorrari zuzendutako ekitaldian, bi adierazpen artistiko -sukaldaritza eta musika- uztartuko dira gau berean.

Itziar Aguirre chef euskal-rosariotarrak sukaldeko munduan daukan abilezia ekarriko du tauletara. Berari egokituko zaio bost urratseko euskal menu bat zuzenean prestatzea. Aldi berean, euskarazko, gaztelaniazko eta frantsesezko errepertorioa eskainiko du Anne Etchegoyen kantariak. Ikuskizunean parte hartzeko sarrerak 325 peso balio ditu eta erreserbak egiteko hoteleko administrazioarekin jarri behar da kontaktuan: 341 529 9000 telefonoan edo banquetes@rostower.com.ar helbidean. Ros Tower hotela Rosarioko Mitre kaleko 295. zenbakian dago kokatuta.

Anne Etchegoyen Itziar Aguirre 2013 01

[Itziar Aguirrek prestatuko duen bost urratseko menua]

Biharamunean, Zazpirak Bat euskal etxe rosariotarrean izango da Etchegoyenen emanaldia. 2013 honetako bira laburrean Etchegoyenen azken aurkezpena apirilaren 20an burutuko da, Rosarioko euskal etxeko lagunek antolatu duten Aberri Eguneko festan.

Gogora dezagun Itziar Aguirre Soraluce gastronomiaren arloko erreferente bat dela Argentinako euskal diasporan. Alde batetik, Rosarioko Zazpirak Bat-eko jatetxeko burua da Itziar duela 18 urte; bestetik, ‘Pilpileando Argentina’ ekintza solidarioaren bultzatzaile eta egilea izan da azken bi urteetan. Euskal gizataldetik kanpo, partaidetza nabaria izan du Aguirrek telebistako hainbat saiotan.

Anne Etchegoyeni dagokionez, jardunbide handia dauka Iparraldeko musikagintzan. Lau disko dauzka kalean –beste bat grabatzeko prozesuan– eta hiru hizkuntzatan –euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez– abesten du.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia