euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) eta Filipinetako Nueva Vizcaya-ko beste hiruk lankidetza sinatu dute

2007/05/29

J. I. Perez, EHUko errektorea (Euskonews argazkia)
J. I. Perez, EHUko errektorea (Euskonews argazkia)

PUBLIZITATEA

Euskal Herriko Unibertsitateak eta Filipinetako Nueva Vizcaya probintziako beste hiru unibertsitate zentruk lankidetza akordio bat sinatu dute --lau urtekoa hasteko, eta beste lau urtez luza daitekeena-- irakasleak eta gradu eta graduondoko ikasleen trukea errazteko. Nueva Vizcaya State, Saint Mary eta Aldersgate College dira zentruok. Iaz antzeko harremana ezarri zen Ateneo de Manila (sic) Unibertsitatearekin. Azken urteotan EHU gisa honetako tratuak zabaldu ditu Europar Batasunetik kanpoko hainbat unibertsitaterekin, AEBetan, Kanadan, Latinoamerika osoan eta baita Errusian ere, Deiak gogora arazten duenez.
Euskal Herriko Unibertsitateko Juan Inazio Perez Iglesias errektorea buru zela hurreratu da joan den astean euskal unibertsitate publiko honetako ordezkaritza Filipinetara. Ostegunean sinatu zen akordioa medio gutxienez hamar ikasle eta zazpi irakasle joan ahal izango dira munduko beste aldera ikasketak edo formakuntza hobetzeko. Partaideak Filosofia, Geografia, Historia, eta Zientzia eta Teknologia fakultateetakoak izango dira EHUn eta Nueva Vizcaya State University, Saint Mary eta Aldersgate College-ko kideekin izango da harremana.

Filipinetako ikasle eta irakasleak Euskadin abiatzen diren ikerketa egitasmoetan aritu ahal izango dira, partikularzki garapen iraunkorraren eta ingurumenaren garapenaren alorretan, hauek baitira arreta gehien bizten duten gaiak Filipinetako hiriburu Manilatik 270 bat kilometro iparraldera kokatuta dagoen Nueva Vizcaya nekazaritzari emaniko probintzian.

Akordioak Latinoamerikan, AEBetan, Kanadan, Errusian...

Euskal Herriko Unibertsitateko ordezkariek azaldu dutenez, akordio sinaketa berriaren atzean harremanak Europar Batasuneko herrialdeekin bakarrik ez edukitzeko xedea dago, garrantzitsutzat jotzen baitute ikasle eta irakasleen formakuntzarako trukeak eta elkar-ezagutze ekimenak garatzea munduko gainerako eskualde eta kontinenteekin, kasu honetan Filipinekin.

Perezek Unibertsitatea nazioartekotzeko EHUk daraman politikaren baitan kokatu zuen pauso berria, eta horri dagokionez azkenaldian gauzatu diren ekimenak aipatu zituen, besteak beste Estatu Batuekin, Kanadarekin, Latinoamerikako herrialde gehienekin eta baita Errusiarekin zabaldutako tratuak adibide. 'Konfidantza daukat akordio hau Filipinekin, eta partikularzki Nueva Vizcaya probintziarekin, garatuko dugun harreman emankor eta estuaren hasiera baizik izango ez dela, izenari erreparatzea aski baita konturatzeko lotura historiko ageriak ditugula', esan zuen.

Euskal presentzia historiko nabaria Filipinetan

Akordioa sinatzeko ekitaldira bertaratu ziren, besteak beste, Nueva Vizcaya probintziako gobernadorea, Luisa Cuaresma; hiru unibertsitateetako presidenteak; eta Marciano Ramos de Borja, Filipinaseko gobernuko diplomatikoa, filipinar kontsula Espainian eta, euskaldunok Filipinetan izandako presentzia ongi aztertu duen pertsona, besteak beste 'Basques in the Philippines' liburuaren egilea, 2005ean Nevada-Renoko Unibertsitateak argitara emaniko liburua berau.

Euskal Unibertsitateko ordezkatuz, errektorearekin batera bertan zeuden David Lasagabaster EHUko Nazioarteko Harreman errektoreordea, eta Iñaki Goirizelaia, Bizkaiko Kanpuseko errektoreordea. Zeremoniak bat egin zuen denboran, probintzia fundatu zuteneko 168. urteurrenarekin, Luis Larzabal izeneko gobernadoreak ipini omen zion-eta izena, espainiar garai kolonialean, bere sorterriaren ohoretan.


AKORDIOA

-Partaideak: Gutxienez hamar ikaske eta zazpi irakasle EHUkoak eta beste hainbeste Filipinetako hiru unibertsitateetakoak

-Fakultateak: EHUko Filosofia, Geografia, Historia, eta Zientzia eta Teknologietakoak. Nueva Vizcayako State University, Saint Mary eta Aldersgate College-koak

-Ikerketa: Partaide filipinarrak Euskaditik garatuko diren ikerketa egitasmoetan lagunduko dute

-Bigarrena Filipinetan: Akordioa sinatu da, iaz aurrekari izandako 'Ateneo de Manila' (sic) Unibertsitatearekin sinatutakoaren ondotik

-Iraupena: Akordioak lau urteko hasiera iraupena dauka, baina beste lauz heda daiteke formakuntza areagotzeko


LOTURA INTERESGARRIAK

Universidad del País Vasco-Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV-EHU)
www.ehu.es

Urdanetaren Nazioarteko Kongresua eta V. Mendeurrena
EuskalKultura.com-en 2007ko apirilaren 2an argitara emana

Mikel Arriet Ruiz, chef euskaldun bat Filipinetan
EuskalKultura.com-en 2007ko urtarrilaren 11ean argitara emana

Mayón-en erupzioak arriskuan ipini du Legazpi herri filipinarra
EuskalKultura.com 2005eko abuztuaren 10ean argitara emana

Juje filipinarrek Zumarraga, Legazpiren sorterria, bisitatu dute
EuskalKultura.com-en 2005eko uztailaren 8an argitara emana

Basques in the Philippines argitaratu du Marciano de Borjak
EuskalKultura.com-en 2005eko ekainaren 23an argitara emana

'Aukeran' euskal dantzari taldea Filipinetan
EuskalKultura.com-en 2005eko urtarrilaren 18an argitara emana
EuskalKultura.com-en 2004ko irailaren 22an argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia