euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

"Euskal Herriko sagardotegi giroa" eta AEBetako "kalitatezko janari lasterra" batuko ditu jatetxe batek North Carolinan

2016/02/26

Euskal Herritik AEBetara sagardotegietako giroa eraman nahi du Matthew Beason sagar ardoan adituak, Black Twig jatetxearekin (Argazkiak: M.B.)
Euskal Herritik AEBetara sagardotegietako giroa eraman nahi du Matthew Beason sagar ardoan adituak, Black Twig jatetxearekin (Argazkiak: M.B.)

PUBLIZITATEA

Sagardoan aditua den Matthew Beason-ek eta John Eisensmith txefak “benetako euskal txotx-a” Ameriketaratuko duen jatetxea zabalduko dute, martxo bukaeran, Iparraldeko Karolinako Durham herrian. AEBetako 'fast casual food' edo kalitatezko janari lasterra eta mundu osotik ekarritako izen handiko sagardoak batuko dituzte; tartean, Euskal Herriko batzuk ere bai. “Nik dakidala, AEBetako toki bakarra izango da non, Euskal Herrian nola, mahaitik altxatu eta basoa sagardoz betetzera joango den jendea, txotx egitera”, esan du Beason-ek, EuskalKultura.com-ekin berbatan.

Durham, AEB. Bi jatetxeren jabea da Matthew Beason: Mattie B's Public House eta Six Plates. Azken hori, baina, goitik behera aldatu eta Black Twig sagardotegia zabalduko du, martxo bukaeran. Bizpahiru hitzetzan, “kalitatezko sagardo aukera zabala izango duen 'fast casual food' jatetxea” izango dela adierazi du jabeak.

“Nik dakidala, AEBetako toki bakarra izango da non, Euskal Herrian nola, mahaitik altxatu eta basoa sagardoz betetzera joango den jendea, txotx egitera. Benetako euskal txotx-a izango da”. Kalitatezko sagardo aukera zabala eta benetazko txotx-a izango dira Black Twig-en marka bereizgarriak, Beasonen berbatan.

Orain hamar bat urte edan zuen lehenengoz euskal sagardoa Beason-ek, Espainiara egin zuen bidaia batean eta, dio, Euskal Herrira “ahal den guztietan” itzultzen dela orain. “Jateko modua eta pintxoak maite ditut”. Sagardotegietako giroa bereziki, bere esanei so: “Euskal Herriko sagardotegiak kupelez beteta daude eta jendea mahaitik altxatu eta txotx egitera doanean ikuskizuna hasten da. Esperientzia erabat berezia da eta AEBetara ekarri nahi dugu. Jateari uzten diozu, ez duzu hainbeste jaten beste esperientzia bat delako, jende berriarekin hitz egiten hasten zarelako. Erritual moduko bat da”.

Black Twig-ek txotxaren erritual hori mantenduko badu ere, menua ez da sagardotegietan topa daitekeen modukoa izango: “Jatekoa sinplea izango da, ez dira txuletak eta bakailao tortillak egongo. Saltxitxa desberdinak, patata frijituak eta antzekoak zerbitzatuko ditugu. Janari lasterra izango da, jatetxera sartu eta arin ateratzekoa, baina kalitatezkoa betiere”. Sagardoak ere munduko hamaika lekutatik ekarritakoak izango dira: Alemania, Italia, Euskal Herria, Frantzia, Ingalaterra, Asturias (Espainia), AEB...

Txakolifest

Matti Beason-ek euskal zukuenganako duen pasioa ez da sagardoetara mugatzen. Bera da, izatez, 2007tik urtero antolatzen duten Txakolifest-aren arduraduna. New York-en, Eder Montero bilbotarrak eta Alex Raij bikote sukaldariak antolatzen duten Txikifest-a baino lehenago hasi zuela gogorarazi du Beason-ek. Lagunak ditu, eta zeru arrazkarien hiriko txakoli jaialdira joandakoa da, baina ez du oraindik haiek bere herrira joatea lortu. “Oso lanpetuta daude”.

Bere ustetan, jende nahikotxok ezagutzen du txakolia AEBetan, bereziki Espainiako jakiak herrialdean ezagunagoak bihurtzen hasi diren honetan. Edozelan ere, sagardoaren negozioak hazteko askoz esparru gehiago duela dio. “AEBetako edarien negozioan, sagardoa da azkarren eta gehien haziko dena”, adierazi zuen Black Twig zabalduko zuelaren berri eman zuen prentsa oharrean.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia