euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal Herriko pertsonaiek eta inauterietako alaitasunak bat egin zuten Argentinako hainbat herritan

2013/02/28

‘Euskal esne-jeiztailea’ karrozak liluratu egin zuen Lapridako Inauterietara bildutako publikoa (argazkiaEE)
‘Euskal esne-jeiztailea’ karrozak liluratu egin zuen Lapridako Inauterietara bildutako publikoa (argazkiaEE)

PUBLIZITATEA

Gero eta indar handiagoa hartzen ari dira Inauterietako jaialdiak Argentinan zehar. Are gehiago, Inauteri astelehena eta asteartea berriro jai-egun izateko 2011n hartutako erabakiak bultzada polita ekarri dio ospakizunari. Euskal etxeak ez dira giro eta asmo horretatik batere kanpo geratu eta 2013 honetan ere partaide izan dira Euskal Herriko musika, dantza, panpinak eta janaria erakus- eta gozagai. Hona Cañuelas, Gral. Villegas eta Lapridako ospakizunen argazki laburpena. Lapridan arrakasta itzela lortu zuen "Euskaldun behi-jeiztailea" izeneko karrozak.

Buenos Aires, Argentina. Denak Bat euskal etxeko buruhandi eta erraldoiak izan ziren Cañuelas hiriko ‘Antzinako Inauteri’etako kabalkadako buru. Herriko euskal etxeko partaideek ireki zuten kabalkada eta euren atzean auto zaharrak, konpartsak eta herriko beste hainbat elkartetako ordezkariek osatu zituzten partaide ilarak.

2013ko inauteriak Canuelasen 2013 01

[Denak Bat Euskal Etxeko lagunek izan zuten Cañuelasko ‘Antzinako Inauteri’etako desfileari hasiera emateko ohorea (argazkia Cañuelasko Udaletxea)]

Iturri ofizialen arabera, hogei bat mila lagun bildu ziren hiriko Askatasunaren Etorbidera festan parte hartzeko. Denak Bat-eko lagunek euskal pertsonaia tipikoekin eta euskal dantzariekin alaitu zuten gaua. Baina ez ziren bakarrik ibili eginkizun horretan. General Las Heraseko Zazpirak Bat euskal etxetik etorritako lagunak ere bildu zitzaizkien otsailaren 16an karrikaratu zuten ospakizunean.

2013ko inauteriak Canuelasen 2013 02

[Aurpegiak ezkutatua baina mozorro adierazgarriekin, berehala ezagutu zituen publikoak euskaldunak eta herriko euskal etxeko kideak (argazkia Cañuelasko Udaletxea)]

Lapridako 'Euskaldun behi-jeiztailea'

Lapridan, bertako Lagunen Etxea-ko kideek bi sari eskuratu dituzte aurtengo Inauterietan. Alde batetik, euskal erakundeko erregina zen Lucila Peralta Elorrieta ‘Miss Carnaval 2013’ hautatu zuten otsailaren 12an, jaiaren azken ekitaldian. Bestetik, ‘El vasco lechero’ (euskaldun behi-jeiztailea) izeneko euskal esne-saltzaile itxurako gurdi irudimentsuak lehenengo saria jaso zuen karrozen lehiaketan.

2013ko inauteriak Lapridan 2013 02

[Euskal Etxeko hautagaia izan zen Lapridako euskal etxekoLucia Peralta Inurrietak Lapridako 2013 Inauterietako Erreginaren koroa lortu zuen (argazkia EE)]

“Euskal baserritarrarn panpinak eta bere inguruan zeuden osagarri guztiek –argi, musika, behien marru eta orotako mugimenduek- liluratu egin zuten Corsodromora bildutako jendea. Erabat erakargarria egin zitzaien proposamena publikoari zein epaimahaikideei”, azaldu digute Lapridako euskal etxetik.

Kazrroza edo gurdi irudimentsu eta umorez beteriko hau Lagunen Etxea-ko gazteei zor zaie. “Eta gero denen artean egin genuenez, batasun mezua utzi zuen. Horrez gain, euskaldunek hemen baserri lanarekiko izan duten zaletasuna ere goraipatu zen karroza saridunarekin”, adierazi dio euskal etxeko kide Maria Ester Arrondok gure buletinari.

Villegas’ko Euskaldunak-en kantina

General Villegas-en ere Inauteriek tradizio luzea dute. Irail aldera hasten dira prestaketak eta otsailean, konpartsek, danborrek, karrozek eta dantzariek eurenganatzen dituzte herriko kaleak, dena algara eta alaitasun bilakatuz.

2013ko inauteriak Villegasen 2013 03

[Villegas’ko Euskaldunak euskal etxeko lagun anitz txandakatu ziren otsaileko asteburu guztietan irekita egon zen herriko Inauterietako euskal standean (argazkia EE)]

Urtero bezala, 2013ko inauteriak Villegasen, herriko plaza nagusiaren inguruan ospatu ziren. Bertan, Moreno eta Pringles kale-gurutze aldean hain zuzen, muntatu zuten euskal etxeko lagunek euren standa. “Oso aukera ona da hau guretzat euskal etxea ezagutarazteko eta diru apur bat biltzeko. Euskal kantinak oso ondo funtzionatu ohi du eta honez gero diru iturria bihurtu da erakundearentzat. Pentsa arrakasta, izan ere euskal etxearen urtebetetzea berez otsailaren 21ean izanik geroago ospatuko dugula, otsailean erabat lanpetuta baikaude Inauterietako jaialdiekin”, azaldu dio erakundeko lehendakari Diego Tellecheak EuskalKultura.com-i.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia