euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal Herriko mexikarrek "Aldarria" ospatu zuten; DF-ko Athletic Peñak, San Mames berriaren inaugurazioa

2013/09/20

Euskal Herriko euskal mexikarrek bazkari batekin ospatu zuten Aldarriaren eguna
Euskal Herriko euskal mexikarrek bazkari batekin ospatu zuten Aldarriaren eguna

PUBLIZITATEA

Mexikon jai egun handia de Independentziaren Aldarriaren eguna delakoa eta aurten Euskal Herrian bizi den euskalmexikar talde batek bazkaria antolatu du festa ospatzeko. Iragan irailaren 15ean bildu ziren Gordexolako jatetxe batean, eta giro aparta izan zuten, bertan izan zen Maitena Jaureguik azaldu duenez. Mexikotik beste ekitaldi baten berri ere heldu zaigu: astelehenean, irailaren 16ean, DF-ko Euskal Etxean bildu ziren Athletic Peña-ko kideak, San Mames berriaren inaugurazioa ikusteko. Gazte asko bertaratu zen eta giroa alaia eta koloretsua izan zen. Azkenik, atzo Euskal Etxean Guerreroko uholdeetan kaltetuak izan direnak laguntzeko elikagaiak bildu zituzten.

Bilbao, Bizkaia. Iragan igandean, irailaren 15ean, Euskal Herrian bizi diren euskal mexikarrek "Independentziaren Aldarria" jaia ospatzeko bazkaria egin zuten Gordexolan (Bizkaian). Hogei bat lagun bildu ziren bertara, denak Mexiko Hiriko euskal etxeko kideak izandakoak edo hango euskaldunekin harremana dutenak.

Maitena Jauregui Belaustegigoitia izan zen bazkariaren antolatzaileetako bat, Ricardo García del Villar-ekin batera. Maitenaren esanetan, bilkura "oso ederra" izan zen eta Mexikoko oroitzapenak, istorioak eta pasadizioak izan ziren solasgai nagusia.

Bertaratu zirenen artean zeuden Amaya Plazas eta senarra, Ma. Olatz Zubeldia, Ricardo García del Villar, Maitena Jauregui, Luis Fuica eta emaztea, Jon eta Miren Azua neba-arrebak, Begoña Cano eta ahizpa, Eneko Belaustegigoitia eta Santiago Aguirre, besteak beste. Mexikotik etorri ziren beste bi gonbidatu: Julen Ruiz de Azua eta haren emaztea, Miren.

Mexikarrak Aldarria Gordexolan 2013

[Euskal Herrian bizi diren euskal-mexikarren bazkarian lagunarteko giro bikaina izan zen]

Maitena Jaureguik azaldu duenez, aurtengo bazkarira joan ezin eta gogoarekin gelditu ziren hainbat lagun izan ziren eta, esperientzia bikaina izan dela ikusita, datorren urtean berriz ere biltzea espero dute antolatzaileek.

San Mames berriaren inaugurazioa

Bestalde, Mexiko Hirian Athletic Peña laguntaldeko kideak Euskal Etxean bildu ziren irailaren 16ean, San Mames futbol-zelai berriaren inaugurazio partidua telebistan ikusteko. Lagun andana elkartu zen bertan, asko eta asko zurigorriz jantzita: 40 heldu eta 30 gaztetxo. Giroa oso alaia izan zen, eta zalantzarik gabe partiduaren emaitzak ere lagundu zuen (Athleticek Celta-ri irabazi zion 3-2). Euskal Etxearen Facebook orriak eguneko hainbat argazki argitaratu ditu.  

Mexiko Peña Athletic 2013

[Txiki asko bildu ziren Mexiko DFko Euskal Etxera San Mames berriaren inaugurazio partidua telebistan ikusteko]

Amaitzeko, atzo Mexikoko Euskal Etxean Guerreroko uholdetako kaltetuei laguntzeko janari bilketa egin zen, Miguel Larregui bazkidearen zuzendaritzapean.


« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia