euskal diaspora eta kultura
2008/12/30
PUBLIZITATEA
Ainhize-Monjolose, Nafarroa Beherea. Euskal Herriko Laborantza Ganbarak, elkartearen desagerpena ekar lezakeen auziari aurre egin beharko dio datorren urtarrilaren 29an. Auziaren arrazoia Paueko Prefetak jarri duen salaketa izan da. Haren esanetan Laborantza Ganbarak ezin du izen hori erabili eta bere lanarekin Paueko Laborantza Ganbararena oztopatzen omen du. Mixel Berhokoirigoin, Laborantza Ganbara lehendakaria, epaituko dute Baionan eta gartzela zigorraren arriskua du.
Auziak Iparraldeko nekazal mundua puri-purian jarri du eta Laborantza Ganbarak sostengua biltzeko kanpaina jarri du abian. Momentuz 1.300 lagundik gora sinatu dute EHLGren aldeko adierazpena, horien artean Iparraldeko hautetsi askok eta baita ere Frantziako hainbat gizarte eragile ezagunek ere.
Frantzian bildutako babesen artean aipagarria da Dominique Voynet Ingurumen Ministro ohiarena. Egun senadorea den Voynet Frantziako Berdeen buru da eta oso gogor kritikatu du auzia. Are gehiago, Voynet-ek azalpenak eskatzen dituen gutuna idatzi die Frantziako Nekazaritza eta Arrantza Ministroari, Ekologia, Energia eta Garapen ministroari eta Estatuko Ekologia idazkariari.
Alderdi politikoetatik haratagoko sostengua
Idazkian ministro ohiak EHLG 'abentura berritzailea, Iparraldeko ehundaka laborariek babestua' dela esaten du. Voynet-en ustetan laborariek egitura honen beharra dute eta EHLGren lana Iparraldeko 'hautetsi guztiek aintzat hartu dute, sentsibilitate politikoen gainetik'. Ministro ohiaren aburuz ez dago EHLGren lana mehatxatzeko arrazoirik.
Euskal Herriko Laborantza Ganbarak informazio gehiago eta babesa emateko kanpainaren berri ematen du bere webgunean, euskaraz, frantsesez, gaztelaniaz, ingelesez eta alemanez.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus