euskal diaspora eta kultura
2012/03/12
PUBLIZITATEA
Buenos Aires, Argentina. Ateak zabalik dauzkan Ameriketako euskal etxerik zaharrena da 1877. urtean jaio zen Laurak Bat. Denbora honetan, Argentinako nahiz Euskal Herriko historietako gertaera garrantzitsuenen lekukoa izan da eta nahiz eta kanpoko egoerak aldatuz joan, Pirinioetako kultura mantentzeko helburu nagusi berberari irmo eutsi diiote beti Buenos Aireseko euskal etxeko erantzuleek.
Karia horretara urtebetetze berri bat ospatzera gonbidatzen dituzte Laurak Bat-eko kideek bere lagun guztiak. Hilabetez hilabete mota askotako ekintzak gauzatuko dira Belgrano kaleko egoitzan, eta ospakizunak bihar hasiko dira, urtebetetze egunarekin batera.
Jaiaren barnean musika, dantza eta omenaldiak egongo dira. Lagun Onak Abesbatzak kontzertu bat eskainiko dio euskal etxeari. Errepertorioa lan hauek osatuko dute: Carl Orff–en “Carmina Burana”-ren zatiak, F. Madina-ren “Agur Maria” eta “Aita Gurea”; J. A. Artze-ren “Nerea izango zen”; J. Guridi-ren “Maitasun oñazea”, “Hator mutil” eta “Maite”; B. Lertxundiren “Herribera”, F. Zubizarretaren “Ama begira zazu”, J. Elberdin-en “Segalariak”, “Euzkotarrak”, Olaizolaren “Autxo seaskan”; eta, bukatzeko, Haendel-en “Halleluia”.
Kontzertua bukatzean, Aurresku bat dantzatuko da erakundearen omenean. Hamaika gizon-emakume dira Laurak Bat-en historiaren protagonistak, eta euren ordezkari dira elkarteko lehendakariak. Kari horretara, omenaldi berezi bat egingo zaie erakundeko buru izan ziren guztiei. Elkarretaratzeari amaiera emateko, kide eta lagunek “Zorionak Zuri” abestuko diote Laurak Bat-i. Hitzordua, bihar, iluntzeko 7etan, Belgrano kaleko egoitzan.
“Pilpileando Argentina” Buenos Airesen
Ospakizunarekin jarraitzeko, datorren ostiralean euskal plater tipikoak prestatuko dituzte Laurak Bat-ekoek Itziar Aguirreren eskutik. FEVAren babesarekin, eta “Pilpileando Argentina” programaren baitan, Rosarioko sukaldari euskaldun honek sarrera bat, plater nagusi bat eta postre bat egiten irakatsiko du eta saioa bukatzean menu osoa zozkatuko da publikoaren artean. Laurak Bat-ek gonbidaturik izen handia duen Choly Berreteaga chef-a bertaratuko da euskal etxera, bere jardueragatik sari bat jasotzeko.
Gogora dezagun Itziar Agirrek bultatzen duen ekimen honen bidez lortzen diren baliabideak -oraingoan eskolako materialak eskatu dira- Chaco probintzian behar handietan bizi diren familia eta jendearen artean banatuko direla Patricia Sosa abeslari argentinarrak kudeatzen duen Pequeños Gestos fundazioaren bidez. “Pilpileando Argentina” Buenos Aireseko emanaldia martxoaren 16an izango da, arratsaldeko 7etan, Laurak Bat-en, Belgrano etorbideko 1144. zenbakian. Informazio gehiago eskuratzeko, jar zaitez kontaktuan euskal etxekoekin 4383 3903 zenbakian edo secretaria@laurakbat.com.ar helbidera idatziz.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus