euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Sara Pagola eta Hiriko Kabinete burua euskal standeko bisitari Buenos Airesko Gizatalde Patioan

2014/03/18

2014ko Gizataldeen Sukaldaritza Gunea martxoaren 15ean burutu zen (argazkia EuskalKultura.com)
2014ko Gizataldeen Sukaldaritza Gunea martxoaren 15ean burutu zen (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Berrogeitik gora kolektibitatek hartu zuten parte joan den larunbatean hiriburu argentinarreko Mayo Etorbidean Sukaldaritza Patioaren edizio berri batean. Azken bi urteetan bezala, euskal kolektibitateak bi ordezkari izan zituen ekitaldian, Laurak Bat eta Euskaltzaleak erakundeak. Ehunka lagunek bisitatu zuten gunea eta ehunka ere bertaratu ziren euskal txokora janariaren usain gozoak eta musika eta dantza ikuskizunek erakarrita. Bisitarien artean, Hiriko Kabineteko Burua den Horacio Rodriguez Larreta eta Eusko Jaurlaritzaren Ordezkari Sara Pagola.

Buenos Aires, Argentina. Laster iritsiko da uda amaiera Hego Hemisferiora eta oporraldiaren bukaerarekin batera Buenos Aires hiria kolektibitateen festen programa hasi da garatzen. Proposamenak ez dira gutxi eta jendetsuenen artean Gizataldeen Patio Gastronomiko eta Sukaldaritza Gunea, ‘Buenos Airesek ospatzen du’ ekitaldia eta Palermo auzoko Platenarioan gauzatzen den Immigrantearen Eguna aipa daitezke.

Kolektibitateen Sukaldaritza Guneak oso helburu zehatza du: plater tipiko eta errezeta berezien bidez, munduko herrien idiosinkrasia erakustea. Ekitaldi barruan, mota askotako mokaduak prestatu zituen euskal gizataldeak jaialdirako. Laurak Bat-en kasuan, Euskal Herrian hain ohikoak diren otarrainxkak eta rabak; Euskaltzaleak-enean, berriz, pintxoak, taloak eta euskal pastela.

2014ko Sukaldaritza Gunea 01

[Mayo Etorbidea jatetxe erraldoi bihurturik, hainbat jatorritako menuak dastatu ahal izan ziren Buenos Airesko Kolektibitateen Sukaldaritza Gunean. Eskaintza zabala baino zabalagoa izan zen baina hala ere, euskal etxeetako sukaldariek prestatutako gutiziek harrera paregabea izan zuten. Izan ere, jaialdia bukatu baino lehen agortu ziren euskal standetan erreserba guztiak]

Baina janaria ez zen euskal txosnara bertaratzeko arrazoi bakarra. Larunbat arratsalde eguzkitsuan musikariak eta dantzariak ere aritu ziren standen inguruan jaia girotzen. Jendeak jakinmin handiz entzun zituen musika saioak, batez ere hemen ezezagunagoak diren alboka eta txalapartaren kasuan.

2014ko Sukaldaritza Gunea 02

[Musikari talde polita bildu zen euskal standetan... eta euren eskutik Euskal Herriko musika tresna tradizionalenak ezagutu ahal izan zituen publikoak]

2014ko Sukaldaritza Gunea 03

[Eta musikaren ostean dantzariak iritsi ziren, eta dantzariekin batera, dantzak. Ikuskizun informalean, standen aurrean, Laurak Bat-eko dantzariek eta Euskaltzaleak-eko Dantza Tailerreko kideek Fandango, Arin Arin eta Polka eskaini zizkioten publikoari]

Ororen buru, giro ederrean gauzatu zen Buenos Airesko Kolektibitateen Sukaldaritza Gunea eta nolabaiteko ‘entsegu’ bilakatu zen datorren maiatzaren 11rako, egun horretan izango baita ‘Buenos Aires-ek Euskal Herria ospatzen du’ (Buenos Aires celebra al País Vasco) jaialdia. Dudarik gabe, euskal kolektibitatearen presentzia sendotuz doa Argentinako hiriburuan eta bere ekintzak, kaleetan edota euskal etxeetan burutzen direnak, ez dira oharkabean geratzen. Honi lotuta azpimarra daiteke Horacio Rodriguez Larreta Buenos Aires Hiriko Gobernuko Kabinete burua eta Giza Eskubideetako eta Aniztasun Kulturaleko idazkariorde Claudio Avruj Euskal Herriko standera hurbildu zirela.

2014ko Sukaldaritza Gunea 04

[Buenos Airesko Gobernuaren izenean, Kabineteko buruak eta Giza Eskubideetako eta Aniztasun Kulturaleko idazkariordeak bisitatu zuten erakustaldia. Argazkian, Euskaltzaleak-eko Alberto Ospital, Laurak Bat-eko Lehendakaria eta FEVAko Lehendakariordea Arantxa Anitua, Horacio Rodriguez Larreta, Sara Pagola eta Claudio Avruj (argazkia EuskalKultura.com)]

Rodriguez Larretaren kasuan, gainera, bere abizena euskalduna izanik --Iparraldekoa dela esan zien standeko lagunei-- arrazoi estra hori tarteko. Gunea bisitatzen jarraitu aurretik, Euskadiren Argentina eta Mercosurrerako Ordezkari Sara Pagolarekin bildu ziren Buenos Airesko Udaleko agintariak.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia