euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal Herriko ikasle gazte talde bat, Quebeceko Euskaldunak Elkarteko giroaren bizigarri eta bultzatzaile

2005/05/25

Urko, Ziortza, Mireia, Aitor eta Kepa (argazkia, Euskal Etxeak)
Urko, Ziortza, Mireia, Aitor eta Kepa (argazkia, Euskal Etxeak)

PUBLIZITATEA

Bertako Euskal Etxea indarberritzeko gogoarekin ari da lanean euskaldun talde gazte bat. Bostak Kanadara iritsi ziren beren ikasketak osatzeko eta gehienak, familiaren laguntzaz eta beka batzuekin ari dira asmo hau betetzen. Diruz eskaz baina animoz beterik dabiltza, eta azken hilabeteotan 'Euskaldunak' Euskal Etxera giro bizia ekarri dute. Euskal Etxeak aldizkariak ondoko elkarrizketa hau egin zien Montrealen.
Quebec aldean ikasketak burutzen ari diren artean ikasle talde honetako bost gazteek 'Euskaldunak' Euskal Etxea ezagutu eta elkarte honek antolatzen dituen ekintzetan parte hartzeko beta izan dute. Bakoitzak ahal duen eran, Quebeceko euskaldunengana Euskal Herriko egungo errealitatearen zatitxo bat eraman dute. Kepak, Mireiak, Ziortzak, Aitorrek eta Urkok euskal elkartea indarberritu dute, euskera eta dantza ikastaro eta hitzaldiekin. Esperientziarekin oso pozik daude bostak, nahiz eta egonaldia ordaintzeko diru laguntzarik apenas jaso duten.

Urko Rodríguez 2003ko abuztuaren 13tik dago Kanadan, 'hau da, laister bi urte egingo ditut', eta ingenieritza ikasketak burutzen ari da, 'Euskadiko Organización Industrialaren antzeko zerbait. Hemen bi urte egin eta hemengo ingenieri titulua lortuko dut', adierazten du, Arrasateko Unibertsitateko Goier bekari esker itsasoaren beste aldera joan den gazteak. 'Printzipioz, abuztuan bueltatuko naiz Euskal Herrira', dio eta berriro Montrealera itzultzeko asmorik ba ote duen galdetzen zaionean, oraindik ideiak argitzeko dituela adierazten du.

Aitor Montoya iazko abuztutik dago Kanadan, ‘hamen klaseak abuztuaren bukaeran hasten baitira’. Génie Industriel ikasketak egiten ari da, École Polytechnique du Montréal-en eta bekarik gabe badago ere, ondotxo dakizki non dauden diru iturriak. ‘Nik ez det inongo bekarik jaso. Mondragon Unibertsitateko Goier programaren bidez etorri naiz, baina zoritxarrez, gutxigatik ez nuen bekarik jaso; eta Europako unibertsitate bat ez denez, ezin dugu Erasmus beka lortu. Gainera, Arabako Diputazioak presupuestoak prorrogautak dituenez aspaldi, alde hortatik be ezer ez, ta aitak BBK-n lana egiten duenez Caja Vitalek beka txiki bat lortzeko baldintzak ez zituen betetzen, beraz ‘gurasoen bekakin’ nago hamen’.

Berak parte hartzen duen programa bi urtetarakoa denez, oraindik beste urte bat geratzen zaio Ameriketan ikasketekin bukatzeko. ‘Orduan, 2006ko ekainarte egongo naiz Montréalen nire ikasketak burutzeko. Gero, nire asmoa Euskal Herrira bueltatzea da, dudarik gabe. Hau bizi esperientzia on bat dela ikusten det, baina han familia, lagunak eta bizimodua daukat, eta nire arloan lan egiteko aukera anitz’.

Kepa Blázquez ikasturte bat egitera etorri da Montréalera. Irailean iritsi zen Itzulpengintza eta Interpretaritzako 3. maila burutzera. ‘Euskal Herriko Unibertsitateak, UPVk, hemengo unibertsitatearekin duen hitzarmen bati esker iritsi naiz hona. Dirulaguntzei dagokienez ez dugu Erasmus Beka jasotzen Europatik kanpo gaudelako. Kutxak emaniko diru apurra bakarra izan dugu, hegazkineko tiketak erosteko adina besterik ez. Bestalde, ez dugu dirulaguntzarik eta hori nahiko lotsagarria iruditzen zait’, adierazten du zarauztarrak.

Ingurua ezagutu

Ikasturtea bukatu arte, apirilaren 29 arte egongo da bertan, eta ondoren? ‘Ba, ingurua ezagutzen geratuko naiz, eta ekainaren hasiera aldera Euskal Herrira itzuliko naiz’. Euskal Herrira itzulitakoan itzulpengintzako 4. maila Gasteizen egin beharko du Kepak. ‘Ondorioz, bueltatu beharra daukat. Hala ere esperientzia bikaina izanda eta atzerrira ikastera berriz ere joango nintzateke!’, dio dudarik gabe.

Zarautzetik ere abiatu zen Mireia Orbegozo iazko abuztuaren bukaeran eta bera ere Itzulpengintza eta Interpretaritza ikasketak burutzera joan da Kanadara. Bekak, edo hobe esanda, diru iturri falta gogoan ditu ere gazte honek. Erakundeen erantzunkizuna aldarrikatzen du egoera hau konpontzeko. Azterketak apirilaren bukaera aldera amaitzen zaizkio Mireiari baina egonaldia luzatu nahi luke. ‘Zein den nire asmoa? Ekainerarte gelditu nahi nuke praktikak edo zerbait aurkituz gero behintzat’.

Ziortza Basaguren abuztuan iritsi zen Kanadara baina Gabonetan etxera bueltatu zen pisukide biak han utzita (Mireia eta Kepa). Itzulpengintza eta Interpretaritzako 3. Maila egiten ari da besteen antzera eta berak ere beka bila egin duen bidea kontatu nahi du. ‘Bizkaitarra izaki BBKren diru laguntzatxo bat jaso dut, baina zoritxarrez laguntza horri ezin zaio beka deitu’. Klaseak apirilak 20a baino lehen amaitzen dira eta maiatzak 20a arte geratzea da bere asmoa. ‘…hasieran behintzat. Hala ere egonaldia luzatzeko gogoa daukat, hemen oso gustora baikaude. Nire asmoa praktikak aurkitu eta ekainaren erdi aldera-edo etxera bueltatzea da, Mungiako jaietako behintzat!’


Lotura interesgarriak

Euskaldunak, Quebeko euskaldunen elkartea
www.euskaldunak.com

Euskal Etxeak Aldizkaria
Azken alea eta aurrekoak


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia