euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal Herriko gozagarrietan oinarritutako sukaldaritza ikastaro berezia emango dute gaur Boiseko Euskal Museoan

2016/03/10

Jatorri anitzetako gozagarri naturalen aldeko apustu argia egiten du Marla Gungen-ek (Argazkia: Paul Goyette, CC)
Jatorri anitzetako gozagarri naturalen aldeko apustu argia egiten du Marla Gungen-ek (Argazkia: Paul Goyette, CC)

PUBLIZITATEA

Boiseko Euskal Museoak antolatuta, euskal espezia eta gozagarrietan oinarritutako sukaldaritza ikastaro berezia segitzeko aukera izango dute gaur arratsaldean, su artean ibiltzearen zaleek. Marla Gungen izango da irakaslea eta, EuskalKultura.com-i esan dionez, “gozagarriak nola erabili ikasiko dugu, jatorrizko jakien zaporea hil gabe”. Ardo pixka batekin lagunduta, bertaratutakoek, prestatutako jakiak probatu ahal izango dituzte, bai eta etxera eraman ere, errezetekin batera.

Boise, AEB. “Jakien zaporea ezagutzen irakatsi behar diogu geure buruari”, dio Marla Gungen-ek. Buttonhollow Spice Traders (*) gozagarrien enpresaren jabea da Gungen eta gaur arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara, Boiseko Euskal Museoan egingo den sukaldaritza eskolako irakaslea. “Gozagarriek jakien zaporea indartu behar dute, ez dute jatorrizko zaporea beste batengatik aldatu behar”.

Aurretik prestatutako hainbat jaki zelan gozagarriekin hobetu irakatsiko du, “izena eman duten pare bat laguntzailerekin”. 35 lagun inguru hurbiltzea espero dute antolatzaileek. “Pozarren nago Euskal Museoarekin elkarlanean aritzeagatik, lan ederra egiten baitu Museoak”.

Naturala eta kultura anitza

Argi eta garbi egiten du berba Gungen andereak “kontserbagarririk gabeko osagarriak” erabiltzearen alde. “Kontserbagarriek asko alda dezakete zaporea eta esperientzia bat behar luke izan jateko orduak. Gainera, osagai organikoekin ez duzu horrenbeste erabili behar”. Mina, pixka bat ketua, pittin bat gozoa... Dastamenaren bidez deskribatzen du Euskal Herria Gungenek: “Nahasketa eder eta hunkigarria dago euskal zaporeetan”.

Jatorriak nahastea maite du enpresariak, Asia, Italia, Amerika, bere izaeraren parte den konbinazio oinarrizkoa: aita Txerokee leinuko indioa zuen eta, senarra, alemaniar jatorrikoa. Sentsazio aberatsak, baina sinpletasuna, betiere, sinplekeriatik urrun: “Euskal jaki asko, Amerikarrak legez, sinpleak dira, eta gauza ederra da hori, benetako zaporeak hobeto dasta ditzakezulako. Helburua, beraz, sinpletasun hori errespetatzea da”.

Ikastaroan hainbat ingrediente erabiliko ditu, hala nola: paprika (piper) desberdinak, txile hautsak, baratxuria, oreganoa, ezkaia, kainabera-azukreak... Helburu nagusia argi izanda: Euskal Herriko kutsuaz jakiak etxean bertan, modu errazean, prestatu ahal izatea.

-Ikastaroko xehetasunak Euskal Museoko Darryl-i galdetu, darrylj@basquemuseum.com helbidean edo 208.343. 2671 zenbakian

(*) Webgunea berriztatzen dago Buttonhollow Spice Traders eta oraindik ez dago erabilgarri



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia