euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal Herriko gazteek naturaz gozatu ahal izango dute Udalbidek Urbasan antolatu dituen Natur Eskolekin

2007/09/12

Natur Eskolak kanpamentuen afitxa
Natur Eskolak kanpamentuen afitxa

PUBLIZITATEA

Udalbide Elkarlan Elkartea sustatzen duen ekimena dira 'Natur Eskolak' eta joan den abuztuan zehar Urbasan egin ziren 'Urbasan Bagara' udalekuen jarraipena izango dira. Hiru egunetako egonaldiak egingo dituzte gazteek oraingoan eta helburuak euskal herrialdeetako gazteen arteko elkarbizitza eta naturaren ezagutza bultzatzea dira. Urritik ekainera egin ahal izango dira egonaldiak, lekua hartu nahi duenak izena emateko epea irekia du jada.
Udalbide Elkarlan Elkarteak jarraipena emango dio ikasturtean zehar 'Urbasan Bagara' ekimenari. Joan den abuztuan egin zuten lehenengo edizioa eta erantzuna oso ona izan zen, Udalbideko arduradunek azaldu dutenez. Orain urritik hasi eta ekainera arte Euskal Herri osoko gazteek Urbasan hiru eguneko egonaldiak egiteko aukera izango dute. Bertan gainerako herrialdeetako gazte euskaldunak ezagutu eta naturaz gozatu ahal izango dute. Gazteak Urbasako Natur Eskolan egingo dute egonaldia eta espeleologia, eskalada, mendi bizikleta eta beste abentura kirolak egiteko aukera izango dute.

'Kanpamenduen helburua gazteen natur hezkuntza eta sentsibilizazioa garatzea eta Euskal Herriko beste herrialdeetako gazteekin elkarbizitzeko aukera ematea dira. Adibidez Hegoalde eta Iparraldeko gazteak batzen baditugu, euren artean komunikatzeko era naturalena euskara dela ikusiko dute, eta beste euskalki bat ezagutu ahal izango dute', azaltzen dute Udalbideko arduradunek.

[Goiko irudian abuztuan egin ziren Udalekuetako gazte talde bat (Udalbide argazkia)]

Mexiko eta Kanadako euskaldunak

Iazko abuztuan egin zituzten udalekuak izan ziren Udalbidek antolatu duen era honetako lehen ekimena eta erantzuna oso ona izan zen. 'Lehen edizioa zen eta ideia ezagutzera eman behar genuen, baina hala ere 200 leku zeuden eta ia guztiak, 190, bete genituen', azaltzen du Udalbideko komunikazio arduradunak. Horien artean, gainera, Diasporako gazteak ere egon ziren: Mexikoko hiru neska-mutil eta Kanadako bat, Ameriketara joandako euskaldunen ondorengoak.

Edizio berri honetan egonaldiak taldeentzako izango dira eta ezin izango dira haurrak banaka apuntatu. Horregatik antolatzaileek Diasporako taldea biltzea zaila izango dela onartzen dute. Hala ere, datorren abuzturako Udalekuetara joateko gonbitea egiten diete, aldez aurretik, Diasporako umeei. Ikasturtean zehar Euskal Herriko zazpi herrialdeetako haurrak biltzea da Udalbidekoen asmoa.

[Goiko irudian neska-mutil taldea espeleologia txangoa egin ostean, nekatuta baina pozik. Espeleologia izan zen abuztuko udalekuan jarduera arrakastatsueneteko bat (argazkia Udalbide)]

Izena emateko epea irekita

Parte hartu nahi duenak irekita du jada izena emateko epea. Horretarako haur taldea bildu eta Udalbiderekin harremanetan jarri beharko dira guraso edota irakasleak, 34 943 670 249 telefonora deituz edota e-maila bidaliz hona. Egonaldiak astelehenetik asteazkenera edota asteazkenetik ostiralera izan daitezke. Prezioa 55 eurokoa da, asegurua, materiala eta jarduera guztiak barne.


Lotura interesgarriak

Udalbide Elkarlan Elkartea
www.udalbide.net

Urbasako Natur Parkea
www.parquedeurbasa.es

'Urbasan bagara', 8 herrialdeetako haurrentzako udalekua
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007klo apirilaren 18an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia