euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Gaur bukatuko da, saio berezi bat abuztuaren 4an egiteke, azken asteotan Buenos Airesko Eusketxek garatu duen Euskal Herriari buruzko ikastaroa

2008/07/28

Eusketxeren bazkide eta lagun koadrila, elkartearen hitzorduetako batean (argazkia BasqueHeritage.com)
Eusketxeren bazkide eta lagun koadrila, elkartearen hitzorduetako batean (argazkia BasqueHeritage.com)

PUBLIZITATEA

Gaur astelehena seigarren eta azken saioa izango du, ekainaren 23tik hona Buenos Airesko Eusketxe-Eusko Kultur Etxea garatzen joan den "Euskal Herriari buruzko ikuspegi orokorra" tailerrak. Mariana Fernandez Castellik koordinatuta, ikastaroa kitorik eman da astelehenero hiriburu argentinarreko Mexiko 1880ko euskal egoitzan. Tailerrari amaiera berezia emanez, ordea, gaurkoaz gain, saio estra bat prestatu dute Eusketxekoek datorren astelehenerako, euskal dantzei eskainia, Buenos Airesen bizi den Aitor Alava dantzari arabarraren eskutik.

Buenos Aires, Argentina. Eusketxeren egoitzan, hiriburu federaleko Mexiko 1880.ean, gaur arratsaldez bukatuko den "Euskal Herriari buruzko ikuspegi orokorra" izeneko tailerra "Euskal Herriko kultura eta errealitatearen alderdi orokor eta oinarrizkoak azaltzea" hartu du beste behin helburutzat. Ekainaren 23tik aurrera astelehenero 19:00etatik 21:00etarako saioetan erabili diren testu eta irudi hautuak, ikastaroko partaideen adierazpen eta lekukotasunekin aberastu dira. Mariana Fernandez Castelliren koordinaziopean, honakoak izan dira bertaratutakoek landu dituzten gaiak:

1.- Kontzeptuei buruzko argibideak: Euskal Herria, Euskadi, estatua, nazioa, lurraldetasuna, zer da  autodeterminazioa deitzen duten hori.

2.- Lurralde Historikoak eta gaur egungo zatiketa politiko administratiboa.

3.- Sinbolo eta ikurrak: lauburua, ikurriña, Gernikako Arbola, eguzkilorea, Zazpiak bat...

4.- Euskal Herriaren aurkezpena bere historiaren bidez.

5.- Populazioa eta ezarkuntza erak. Harri Aroaren aztarnak, nekazaritza, baserria, nekazaritza herriak, hiri handiak.

6.- Erakunde tradizionalak: biltzarrak, Batzar Orokorrak eta Auzolana.

7.- Geografia: mendiak eta haranak; kosta; ibaiak; klima eta ingurumena.

8.- Jarduera ekonomikoak: nekazaritza, abeltzantza, merkataritza eta zerbitzuak. Lanbidearen eta kirolaren arteko harremana; joko tradizionalak.

9.- Adierazpide tradizionalak. Euskal dantzak. Euskara: ezaugarriak eta euskal nortasun zeinu bezala duen garrantzia.

10.- Emigrazioa: euskal emigrazioaren arrazoiak eta emigranteak kokatu ziren lekuak. Euskal erkidegoaren erakundeak Argentinan.

Tailerraren aurreko saioetarako legez, gaur arratsaldekoak edota heldu den astelehenekoan parte hartzeko interesa duten pertsonek Eusketxeko egoitzan bertan (México 1880) eman beharko dute izena, edo 4381-4611 telefonora deitu, 15:00-19:00 arteko ordutegian, edo hona idatzi izen-abizenak eta harreman telefonoa ipiniz, 'Euskal kultura tailerra' gaitzat idatziz.

Datorren asteleheneko saioari dagokionez, ordu berean, arratsaldeko zazpietan, hasiko da Eusketxeren egoitzan, Aitor Alava dantzaria koordinatzaile.

Lotura interesgarriak

Euskaltzaleak elkarteak eraikina konpartitzen du Eusketxerekin
www.euskalkultura.com/lekuak2/euskaltzaleak-escuela-de-lengua-vasca-de-buenos-aires

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia