euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal Herriko euskal-venezuelar komunitateak XIII. Urteroko Topaketa egingo du Galdakaon apirilaren 19an

2008/03/31

Iaz ateratako argazkiak Euskal Venezuelar Topaketak urtero bizi duen giro gogoangarri bikaina islatzen du (argazkia Amaya Zenarutzabeitia)
Iaz ateratako argazkiak Euskal Venezuelar Topaketak urtero bizi duen giro gogoangarri bikaina islatzen du (argazkia Amaya Zenarutzabeitia)

PUBLIZITATEA

'Oraingo hau hamahirugarrena da jada, baina guretzako ez dago zenbaki txarrik... Denak dira onak eta halaxe erakutsiko dugu!'. Horrela berotzen dute giroa Urteroko Euskal Venezuelar Tokapetaren antolatzaileek, apirilaren 19an egingo den XIII. edizioari begira. Galdakaon izango da aurten ere eta Euskal Herrian bizi diren euskal venezuelarrak bilduko dira bertara. Aurreko edizioetan bezala ehundik gora lagun batzea espero dute.
Euskal Herriko euskal venezuelar komunitateak bere XIII. Urteroko Topaketaren data iragarri du: apirilaren 19an izango da, Galdakaon (Bizkaia). Bilera honek Venezuelako Diasporan jaio edo bizi izan diren euskaldunei elkarrekin topatzeko aukera ematen die eta sarri Euskal Herrian bisita egiten ari diren euskal venezuelarrak ere bertaratzen dira. Topaketaren giroa bikaina izaten da eta aspaldiko lagunek Caracas, Valentzia edo Bartzelonako euskal etxe venezuelarretan bizitako garaiak emozio handiz gogoratzen dituzte.

Aurtengo topaketaren programa iazkoaren antzekoa da eta bilera berriz ere Galdakaoko Elexalde auzoan egingo dute, 'arrazoi logistikoengatik', Amaya Zenarutzabeitia antolatzaileak EuskalKultura.com-i azaldu dionez. Parte hartzaileak eguerdi aldera hasiko dira heltzen Galdakaora eta agurtze eta ongi etorrietarako tartearen ostean arratsaldeko ordu bietan ekingo diote mezari Elexaldeko Andra Mari elizan, azken bileratik hona zendu diren lagunen gomutan.

Izena aldez aurretik emateko erregua

Mezaren ostean bazkaria egingo da Elexalde Sagardotegian. Antolatzaileek bazkarirako bi menu tradizionalen arteko konbinazioa egitea proposatzen dute: alde batetik, sagardotegi menua (bakailao nahaskia, bakailaoa piperrekin, txuleta eta postrea) eta bestetik dastaketa menua (odolkia piperrekin, txorizoa sagardoarekin, bakailao nahaskia, txuleta eta postrea). Prezioa iazko berdina izango da, 30 euro.

Izena eman edota informazio gehiago jaso nahi dutenek Amaya Zenarutzabeitiarekin harremanetan jarri behar dute, honako telefonoetako batean: 94-4567027 (etxekoa) mezua utziz erantzungailuan, edo 653-015813 (mugikorra). Edo e-mailez egin nahi izatekotan, mezua hona bidaliz. Edonola ere antolatzaileek parte hartzaile bakoitzaren izen abizenak ematea eskatzen dute, haurrik ote dagoen tartean argituz, erreserba bikoizketarik egon ez dadin.


Lotura interesgarriak

Valencia-Caraboboko Euskal Etxea
www.valenciakoeuskoetxea.com

Caracaseko Eusko Etxea
www.euskoetxeacaracas.blogspot.com

Iazko Euskal Venezuelar Topaketaren kronika
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko maiatzaren 5ean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia