euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal Herriko eta Eskoziako soinuek bat egin zuten asteburuan Buenos Aireseko Immigranteen Hotelean

2013/09/30

Eskozia eta Euskal Herriko soinuak nahastu ziren bi herrien hainbat kantetan (argazkia EuskalKultura.com)
Eskozia eta Euskal Herriko soinuak nahastu ziren bi herrien hainbat kantetan (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Etorkinen omenez irailean zehar haien ohorez egiten ari diren ekitaldien baitan, Gizataldeen Jaia ospatu da joan den asteburuan Buenos Aireseko Immigranteen Hotelean, Argentinako Barne Ministerioak antolaturik. Beti bezala, Euskal Herriko kolektibitatea ondo baino hobeto egon da ordezkatuta berrogeitik gora herri bildu zituen festa honetan. Izan ere, hiriburuko hiru euskal elkarte izan ziren partaide: Ekin Dantzari Taldea, Euskaltzaleak euskaltegia eta Iparraldeko Euskal Etxea. Kulturen arteko integrazioa bultzatzeko egiten den ekimenean, une berezienetako bat euskaldun eta eskoziarren elkarretaratzea izan da, musika lagun.

Buenos Aires, Argentina. Euskal Herriaren berri emateko aukera paregabea izan du hiriburuko euskal gizataldeak irailaren 28 eta 29an burututako Kolektibitateen Jaian. Bi egunetan zehar, eta eguraldi kaskarrari aurre eginez, Pirinioetako bi aldeetako kultur adierazpen anitz egon dira standean ikusgai. Eta publiko ugari hurbildu da txokora, informazio eske eta mokadu bat dastatzera. Retiro auzoan dagoen Immigranteen Hoteleko agertoki nagusian euskal dantzak ere luzitu ziren, oraingo honetan, Lizarraenea euskal etxearen ordezkari den Ekin Dantzari Taldearen eskutik.

Immigranteen hotela 2013 01

[Ikurriñak lehen aldiz izan du aurten lekua ikurriñak Buenos Aireseko Immigranteen Hoteleko sarreran (argazkia EuskalKultura.com)]

Immigranteen hotela 2013 02

[Eta ikurrinek ere markatu zuten bidea standeraino. Euskaltzaleak euskaltegia eta Iparraldeko Euskal Etxea arduratu ziren txokoari euskal giroa emateaz (argazkia EuskalKultura.com)]

Immigranteen hotela 2013 03

[Jakin-minak bultzatuta, jende asko sartu zen standera. Standaren arduradunek historia, geografia, genealogia, arkitektura eta beste hamaika gairi buruzko informazioa eman zieten bisitariei (argazkia EuskalKultura.com)]

Immigranteen hotela 2013 04a

[Eguerdi aldera, lanpetuenak sukaldariak izan ziren. Pintxoez gain, taloak izan ziren proposamen berria. Postrerako, berriz, Expo Cañuelasen 2. saria lortu zuen El Mundo lantegi euskal argentinarraren ‘dulce de leche’ eskaini zen standean (argazkia EuskalKultura.com)]

Immigranteen hotela 2013 04b

[Iparraldeko herrixketako eraikuntzen maketak, baserri txiki mutagarriak, euskara posterrak, eskuz egindako oroigarriak… eta jendea bere jatorriari buruz galdetzera bertaratuta. Standa bisitatu zutenen artean, Frente para la Victoria alderdiko diputatu hautagaia den Juan Cabandie-ren presentzia aipa daiteke (argazkia EuskalKultura.com)]

Immigranteen hotela 2013 05

[Berrogeita bost dantza eta musika talde pasatu ziren jaialdiko tauletatik. Euskal Herriko koreografiak Aitor Alavak zuzentzen duen Ekin Dantzari Taldearen eskutik iritsi ziren Immigrantearen Hoteleko Festara. Hasteko, kalejira bat dantzatu zuten dantzariek publikoaren artean; ondoren, ‘Arratiako Jota’ eskaini zioten bildutako jendeari (argazkia EuskalKultura.com)]

Immigranteen hotela 2013 06

[Musika eta dantzak ez ziren agertokira mugatu. Standaren inguruan Euskaltzaleak eta Iparraldeko Euskal Etxeko musikari eta dantzariak aritu ziren. Urtero bezala, gainera, Eskoziako ordezkariek euskal standa bisitatu zuten abesti tradizional bat oparitze aldera (argazkia EuskalKultura.com)]

[Bisita bueltatzeko eta trikitixa eta panderoen erritmora, euskal etxeetako lagunak Eskoziako gunera  abiatu ziren. Bertan bi herrietako musika tresnak nahastu  ziren Euskal herriko kanta tradizional bat egiteko (bideoa EuskalKultura.com)]

Immigranteen hotela 2013 07

[Igandeko desfilean, Iparraldeko Euskal Etxeko Rosa Misciagnak eta Emilio de Candidok izan zuten ikurrina eramateko ardura. Festa arratsaldeko 7ak aldera bukatu zen, datorren urtean errepikatuko dela agindu eta gero (argazkiaEuskalKultura.com)]



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia