euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal Herriko eta bere diasporako gazteak oinez hilabetez zazpi probintzietan. oroitzapen ahaztezinak sortzen

2024/07/09

EuskarAbenturako partaideak lehenengo egunean
EuskarAbenturako partaideak lehenengo egunean

PUBLIZITATEA

Iruñea-Pamplona. Covida tartean izan genuela zalantzak sar daitezke EuskarAbenturak zenbatgarren edizioa duen aurtengoa oroitzerakoan. Zalantza izpiririk ez dago, ordea, baiesteko Euskal Herriko eta bere diasporako 16 eta 17 urte arteko gazteentzat 2018ko udan abiatu zen programa hau benetako opari eta esperientzia ahaztezina dela urtero zazpi probintzietatik eta Diasporatik batzen diren 125 bat partaideentzat, Euskal Herriaz busti eta herrialde osoa oinez zeharkatzeko aukera aparta eskaintzen baitie hilabete luze/labur batean, elkarren bizikide direla euren adineko pareko gazteekin, elkarrekin ikasle eta abendurakide, edozein dela euren euskalkia, euskara zubi, bilgarri eta komunikabide daukatela.

Espedizioaren seigarren edizioa uztailaren 1ean hasi da Atharratzen (Zuberoa) eta uztailaren 31eraino luzatuko da, espediziokideak Getxora (Bizkaia), helmugara, iristen direnean. Hilabetean zehar, aurten 127koa den gazte taldeak ia 800 kilometroko ibilbidea egingo du (erdia oinez eta beste erdia edo autobusez edo trenez) Euskal Herri osoa zeharkatuz. Etapa bakoitzaren ostean, gainera, ekintza ezberdinetan hartuko dute parte neska-mutilek: tailerretan, kirol txapelketetan, eztabaidetan, historia saio eta hitzaldietan…


EuskarAbentura 2024ko lehenengo asteko bideo laburpena


EuskarAbentura 2024ren ibilbidea Euskal Herriko zazpi probintzietan barrena

Bere zatietako batzuetan Done Jakue bidea segitzen dun EuskarAbenturak helburu argiak dauzka euskal gazteei —Diasporakoak ere barne— Euskal Herria esperimentatu, bertako kultura eta geografia bertatik bertara ezagutu eta herrialde eta bazter guztietakoei beste puntan edo berekotik desberdinak diren euskalki eta ohiturak aurkeztu eta elkarrekin lanean jartzeko, guztiak Euskal Herri bakar baina anitz bateko parte. Horrekin batera, eta proposameneko alderdi garrantzitsua ere izanik, kidetasuna, hurkoarenganako errespetua eta naturarekikoa, elkartasuna-eta balio gisa praktikatu eta zabaltzea ere badauka ekimenak.


Bozkarioa, irudimena eta lankidetza EuskarAbenturaren edizio honetan ere ezaugarri dira


Nafarroako lehendakariorde Ana Ollo Yzioquitarrei hizketan Takoneran

Gogora dezagun partaide diren 127 gazteetatik, 43 bizkaitarrak direla; 28, Gipuzkoako, 24 Nafarroako, 13 Arabako; 10 Lapurdiko; 6 Behe Nafarroako; bi Xiberoko da eta bakarra Diasporako (ikus artikulu berezia) eta ibilbide osoan 27 herri diferentetan egingo dutela lo, bertako frontoietan, eskoletan edo udalek edota elkarteek utzitako lekuetan, herri hauetan:  Atharratze, Maule, Pagola, Larzabale, Donibane-Garazi, Auritz, Zubiri, Iruñea, Añana, Argantzun, Gasteiz, Izarra, Araia, Zerain, Tolosa, Lesaka, Urdazubi, Baiona, Urruña, Donostia, Zarautz, Lekeitio, Aulesti, Gernika, Bermeo, Bilbo eta Getxo.

Aste honetan, espedizioa Iruñera iritsi da, Sanfermin jaien erdian, eta Nafarroako Gobernuko lehendakariorde eta kontseilari Ana Ollok egin zien harrera astelehenean, baita ere Euskabidearen izenean bertako zuzendari Javier Arakamak eta Iruñeko Udalarenean Aitziber Campion zinegotziak, aukera izan zutelarik bertako festa giroa dastatzeko eta Nafarroa Oinez-eko lagunak lankide, berbena edo dantzaldi batean parte hartzeko, Trikidantza Taldearen eskutik. Egunez egun berritzen diren argazkiak ikusi nahi badituzu, begiratu EuskarAbenturaren Instagramen.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia