euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal Herriko eta Argentinako musika eta nortasuna biltzen dituen Baietz taldeak bere CDa plazaratu du

2011/12/16

Baietz taldearen diskoaren azala
Baietz taldearen diskoaren azala

PUBLIZITATEA

Hiru urteko ahaleginen emaitza da 'Baietz' talde euskal argentinarraren lehenbiziko diskoa. Hiru urteko lan eta esperientzien, ikastaldien eta hazkuntzaren ondorioa. Jaio zenetik, lan handia egin du Cordobako taldeak Euskal Herriko musika barneratu eta aldi berean ezagutarazteko. Bi norabideko mugimendu honek musika tresnak egiten ikasi eta Argentinako hainbat euskal etxetan musika-tailer eta kontzertuak eskaintzera eraman du taldea. Diskoa, euren esanetan, “ziklo baten amaiera eta beste baten hasiera da”. EuskalKultura.com-ek egindako galderei erantzunez, Baietz osatzen duten Agustin Alonso, Jose Noe Fernandez, Franco Seghesso, Fernando Zabalza eta Gaspar Jaurena gazte argentinarrek euren CDaren xehetasunak partekatu nahi izan dituzte Diaspora orokorreko publikoarekin.

Cordoba, Argentina. 2008ko abenduan sortu zen Baietz taldea. Eta nahiz eta bere burua lagun-taldetzat jo, euskal musika tradizionalaren erreferentea bilakatu da azken urteotan Agustin Alonsok, Jose Noe Fernandez-ek, Franco Seghessok, Fernando Zabalzak eta Gaspar Jaurenak osatutako ensamblea. Orain, euren lehenengo CDa kaleratutakoan, proiektu berriei ekingo omen diete musikari cordobatarrek, tartean bigarren CD bat eta Euskal Herrirako bidaia.

- Nola sortu zen CDa gauzatzearena?

Azken urte hauetako Baietz-en lana, piezen bilduma batean irudikatu nahi genuen. Urtebete eman dugu CDa egiten. Ekoizpen independentea denez, lagunen eta familiaren -- gehienak argentinarrak -- diru laguntzari esker egin ahal izan dugu. Horretaz gain, euskal etxeetan emandako kontzertuetan bildutako dirua eta geure aurrezkiak ere inbertitu ditugu. Gure esku zeuden baliabideak kontuan hartuz, ahalik eta grabaketa kalitate onena lortu nahi izan dugu, Euskal Herriko musika tradizionalarekiko gure ikuspuntua islatzeko asmoarekin. Eta lagundu diguten guztiei esker egin ahal izan dugu.

- Zergatik orain?

Musika ziklo baten amaiera eta beste baten hasiera delako. Momentu onena zen hau diskoa egiteko. Badaramatzagu hiru urte Euskal Herriko soinu eta erritmoarekin lan egiten eta uste genuen gure jotzeko eraren grabaketa bat egon behar zela, Argentinan ez baitago hau bezalako lanaren aurrekaririk; baina bide batez, aspalditik egiten da euskal musika Diasporan.

- Norentzako diskoa da? Nola irudikatzen duzue Baietz-en CDaren entzulea?

Euskal musika tradizionala maite dutenentzat da gure lana. Adibidez, harrigarria egiten zaigu soinu hauekin umeek duten harremana ikustea. Euskal melodietan egindako moldaketa batzuk Hego Amerikakoentzat ezagunak diren akonpainamenduekin egiten dira. Horretaz gain, guk sortutako konposizioak ere baditugu, euskal musika tresnekin jotzen dugun “Baietz” chacarera, esate baterako. Euskal Herriko eta hemengo soinuen artean lotura asko daude, eta eguneroko lanean gero eta konexio gehiago aurkitzen ditugu. CDaren itxurari dagokionez, bi kulturentzat ezagunak diren irudiekin apaindu genuen diskoaren azala. Diasporako garrantzi handiko musikarien argazkiak, Arrecifeseko Potxolo Loyola eta Celestino Etxaniz-enak, adibidez, jarri genituen.

- Oztoporik CDa egiteko prozesuan?

Oztoporik handiena dirua aurkitzea izan da. Gure lagun eta ahaideek proiektuko partaide izan behar zutela bururatu zitzaigun eta ehun pertsonen ekarpen ekonomikoa lortzeko kanpaina hasi genuen. Azkenean, hirurogeita hamar izatera heldu gara. Zorionez, 2011ean zehar kontzertu eta tailer anitz eman ditugu, eta izan ere irabazitako guztia diskoa egiteko erabili dugu. Hori dela eta, esker oneko hitzak baino ez ditugu Diasporako jendearentzat, haiek gabe CDa ez baitzen posible izango. Baliatu nahi dugu ematen diguzuen aukera hau eskerrak emateko San Nicolas, Mendoza, Arrecifes, Buenos Aires-eko Laurak Bat, Villa Maria, Gral. Villegas, Villa Mercedes eta Rio Cuartoko euskal etxeei.

- Zein kantu hautatu duzue diskoan jartzeko?

Diskoan guk geuk egindako pieza batzuk daude, adibidez Gaspar Jaurenaren “Oinez” eta Noe Fernandez-en “Baietz!”. Horretaz gain, Noe Fernandez-ek eta Asier Artolak sortutako euskarazko kopla eta bertsoekin, bi pieza daude:  “Gaucho Berriyaren Ajiak” jota eta albokako porrusalda tradizionala, eta “Nahaskeria”, denon artean egindakoa. Beste alde batetik, Euskal Herriko herrialdetako klasikoak, guk egindako moldaketekin, ere sartu ditugu,  tartean “Txakolin”, “Mahatsaren Orpotik”, “Zintarena”, “Iturengo Arotza”, “Goiko Mendian”, “Argizariak Zelütik”, “Erreguetan”, “Ortzaiztarrak”, “Dringilindron”, “Mahai Gainekoa” eta “Kattalin txiki-txiki”, batzuk instrumentalak eta beste batzuk euskaraz abestuta. 2009. urtetik lantzen ari ginen 200 obrako errepertoriotik atera ditugu, gutako bakoitzak hamar aukeratu zituen eta boto gehiago jaso zituztenekin osatu dugu diskoa.

- Musika tresna anitz ere entzun daitezke CDan?

Bai, euskal tresnak eta beste herritakoak ere bai. Gehienak guk geronek egindako instrumentuak dira, hiru zuloko flautak (txistu, silbote eta xirula) izan ezik. Gaspar Jaurenaren ardura dira alboka, arrabita, adarra, txalaparta, kalaka, karraka, ttarrañuela, kilikalaska, arizkungo harpa, tobera, makil, goilara, kainabera, eltzegorra eta burruna. Agustin Alonsoren lana izan dira marimbula (gure errepertorioan garrantzi handia duen tresna afro-amerikarra), gaita gastoreña eta Australiako ohiko “didgeridoo”a. Mandolina, txilibito, maraka eta zintzarriak ere entzun daitezke. Argentinako Gonzalo Zavala eta Mario Paz luthierrek ttunttun, kirikoketa eta danbolina egin zizkiguten. Hemengo kutsu “criollo” hori sortzeko, gitarraren soinua ere ezinbestekoa izan da.

- CDa kalean da jadanik, zer nolako harrera izan du?

Laudorio ugari izan ditu eta horrek harrotasun puntu bat ematen digu. Adin guztietako entzuleak ditugu, heldu, gazte eta umeak, eta guztiak dira ezberdinak elkarrekiko. Gure musika entzuten duten gehienek ez dakite euskara eta hala ere euskararen hitzak eta soinuak gustatzen zaizkie. Gainera, euskararekiko dugun engaiamenduak bat baino gehiago animatu du euskararengana hurbiltzera. Horrek ere poz handia ematen digu. Iruzkin bitxi eta hunkigarrienak Euskal Herritik heldu zaizkigu, eta horiek indar berezia ematen digute segitzeko, akulu modukoak dira.

- Orain arte non aurkeztu duzue CDa?

CDa plazaratu aurretik, San Nicolaseko Euskal Etxean jo genituen abestiak. Ziur aski, Cordoba hiriburuan egingo dugu kontzerturen bat datorren urtean. Aurten oso lanpetuta ibili gara zortzi errezitalen ziklo batekin (Euskal Herriko zazpi herrialde eta Diaspora). Errepertorio berria batekin ari gara baina tarteka diskoko piezak ere jotzen ditugu.

- Non eros daiteke CDa, Argentinan zein Euskal Herrian?

Normalean, kontzertuetan saltzen dugu. Eta lagunei esker euskal etxeetan ere bai. Aukera gehiago eman nahiko genituzke (eta horren lan egiten ari gara) baina momentu honetan modu errazena facebook (Baietz Musika Taldea) edo e-mail bidez  (baietz.baietz@hotmail.com) eskatzea da.

- Hiru urte hauetako balantzea eta etorkizunari begirako proiekturik?

Oso pozgarria da gure tailerretan euskal tresnak jotzen ikasi dutenek gero musikarekin jarraitu dutela jakitea. Euskal musika tresna tradizionalen bideari ekitea ez da erraza, eta guri dagokigunez, tailerretan oinarrizko gauzak baino ezin ditugu irakatsi. Hala ere, tailerretako lan hori oso garrantzitsua izan da eta, San Nicolasen, adibidez, ikusiak ditugu umeak urte batetik bestera interesa erabat garatzen eta askoz ere jende gehiago hurbiltzen klaseetan parte hartzera. Artea da euskal nortasuna aldarrikatzeko beste era bat, eta horrek animatzen gaitu gure zaletasuna zabaltzen jarraitzera. Etorkizunari begira, datorren urtean “Euskal Soinuak Cordoban” aurkeztuko dugu, hamar kontzertuko ikuskizuna. Emanaldi bakoitzean tresna bat gailenduko dugu. Bestalde, euskal dantza irakasteko erromeria didaktikoak ere egin nahi ditugu – helburu solidario batekin –, eta gure bigarren diskoaren aurre-ekoizpenarekin hasiko gara. Eta agian, Euskal Herria bisitatu, zergatik ez… Hala nahi genuke...

(horri konponbidea ipini nahi dionak hortxe dauka Argentinako euskal talde harrigarri eta erabat engaiatu honen emaila: baietz.baietz@hotmail.com. Ikusi eta entzun sarean euren musika eta bideoak)



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia