euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal Herriko Errugby federazioak Diasporarekin harremanak estutu nahi ditu, Uruguaiko selekzioak irailean egingo duen bisitari begira

2015/03/09

Euskarians errugby taldearen artxiboko irudi bat
Euskarians errugby taldearen artxiboko irudi bat

PUBLIZITATEA

Uruguaiko errugbi selekzioak Euskal Herrian jokatuko du irailean 6an, Euskarians izeneko euskal selekzioaren aurka. Hegoamerikarrak Ingalaterrako Munduko Txapelketan jokatuko dute eta Euskal Herria aukeratu dute prestaketa egiteko gune gisa. Euskadiko Errugbi Federaziotik pozik agertu dira, partida honek euskal selekzioari mundialean ariko diren taldeen aurka lehiatzeko aukera ematen diolako, eta Diasporako errugbizaleekin harremanak estutzeko gogoa agertu dute.

Donostia-San Sebastián. Uruguaiko selekzioak Euskarians taldearen aurka jokatuko du datorren irailaren 6an, Ingalaterrako Munduko Txapelketan parte hartzeko bezperan. Abuztuaren 31n etorriko dira uruguaiarrak, eta Getxon egongo dira irailaren erdialdera arte, Mundialerako prestatzen. Tarte horretean, talde uruguairra Euskal Herriko jokalariek osaturiko Euskarians taldearen aurke jokatuko da. Partida irailaren 6an izango da, eta Euskarians taldeak, ohi bezala, Iparraldeko zein Hegoaldeko jokalariak bilduko ditu.

Euskarians 1997an sortu zen, euskal errugbia nazioartean ezagutarazteko. "Errugbian estaturik gabeko nazioek Munduko Txapelketan parte har dezakete, hor dira esaterako Eskozia eta Gales. Euskal Herriak ere hor egon behar duela uste genuen", esan dio EuskalKultura.com-i Euskadiko Errugbi Federazio-ko presidente Iñaki Laskurainek. Horretan ari da lanean Euskarians taldea; bere deialdietan mugaren bi aldetako kirolariak sartzen dira eta nazioartean ibiliak dira Euskal Herriaren izena defendatzen. 

Helburu horretan sakontzeko, federazioa Basque Country, Rugby Country izeneko ekimena ari da sustatzen, euskal errugbia munduan ezagutarazteko eta, aldi berean, errugbi munduan Euskal Herriaren berri zabaltzeko. Asmo horrekin federazioak Euskal Herrian entrenatzeko gonbitea luzatu zien Uruguaiko eta Argentinako errugbi selekzioei. Argentinarrek ez dute oraindik erantzun, baina uruguiarren baiezkoa biribila izan omen zen.

Bisita hau Diasporako errugbizale eta taldeekin harremanak estutzeko baliatu nahi du federazioak. Argentina, Txile, Uruguai eta Mexiko, esaterako, herrialde errugbilariak dira, eta Diasporak presentzia nabarmena du bertan. "Gogoan dut 92an Espainiako selekzioarekin Argentinan egon nintzenean; Bahia Blancak euskaldunak etorri zitzizkigun bila eta euskal etxera eraman gintuzten, afaltzera, eurekin egotera. Eta berdin Saltan, Buenos Airesen, Resistencian... Hara joan ginen euskaldunentzako emozio itzela izan zen etxetik hain urrun euskal mundu hori aurkitzea", gogoratu du Laskurainek.  

Orain, federazioak gonbitea luzatzen die Diasporako errugbizaleei Basque Country, Rugby Country  ekimenarekin bat egin eta errugbiaren bitartez Euskal Herria munduan ezagutarazten laguntzeko.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia