euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal Herriko erromerietako musika Argentinan biziarazi dute Janire Egaña eta Joxi Gonzalez soinujoleek

2009/09/11

Janire Egaña eta Joxi Gonzalez San Miguelen egindako kontzertuan (argazkia EuskalKultura.com)
Janire Egaña eta Joxi Gonzalez San Miguelen egindako kontzertuan (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Janire Egaña eta Joxi Gonzalez musikari euskaldunak abuztuaren erdialdera lurreratu ziren Argentinan hogei bat egun pasatzeko asmoz. Heldu bezain pronto Buenos Airesko euskal etxe batzuekin kontaktuan jarri eta berehala sortu zen emanaldi batzutarako parada: Buenos Airesen, San Miguelen eta Chascomusen. Berehala, plangintza handirik gabeko bidaia euskal festa bizia bihurtu zen. Jotako leku guztietan jendeak zutik txalotu zituen, musikariei malkoak eraginez. 'Guretzat kristoren hartu-emana izan da. Zuek agian pentsatuko duzue guk jaso baino eman egiten dugula, baina egiazki alderantziz da', aitortzen dute. 'Hemen gertatu zaiguna ez da edonon automatikoki gertatzen. Musika beti da musika, baina benetan gustura jotzeko giro bat behar da, eta giro hori, hemen, zeuok sortzen duzue'.

Buenos Aires, Argentina. Oporrak pasatzera eta herrialdea ezagutzera etorri ziren Argentinara Janire Egaña galdakaoztarra eta Joxi Gonzalez laudiotarra. Baina ez ziren esku-hutsik ageri. Euren akordeoiak eta trikiti bat zekartzaten. Aurretik ezagunen bat zeukaten Buenos Airesen, baina ez zuten deus antolatua, beraz ez zuten ezer berezirik espero. Haatik bertako euskal etxeetan aurkitutakoak harrituta utzi ditu, erabat hunkituta eta berriro etortzeko irrikaz.

'Hona etortzeko proiektuak bi zergati zeuzkan: batetik, nire nahi pertsonala zen', azaldu dio Janirek EuskalKultura.com-i. 'Batetik, behin hemengo bandoneon jole bat ezagutu nuen eta lagun harreman ona izan genuen. Horrek Argentina batez ere musika aldetik ezagutzeko kuriositate handia sortu zidan. Bestetik, Euskal Herrian Euskaraz-ko Gabi Basañez-ek komentatu zigun hemen urri aldean Euskal Astea egiten dela. Geroago pentsatu genuen urrian oso zaila egingo zitzaigula eta aukera gehiago zegoela gure udan etortzeko, oporretan gabiltzalako. Hegazkin-txartelak erosi eta besterik gabe pentsatu genuen: “bagoaz eta han ikusiko dugu”. Inongo planik egiteko ez genuen ia denborarik ere izan'.

Plan jakinik gabe, Janirek eta Joxik ez zuten gauza handirik espero. 'Nik behintzat ez nuen ezer espero', dio Joxinek. "Etorri ginen apur bat a la aventura eta horren adierazle, hona etortzeko aurreko gauean Madriletik deitu niola lagun dudan Aitor Alavari, ez lehenago'. 'Berak esan zidan ostiralean hurbiltzeko Mexiko kaleko euskal egoitzara. Beraz, espero, ezer ez. Baina gero zer topatu dugun… Hasteko izugarrizko harrera ona. Jendearentzat gu beraien herria gara, beraien sustraiak, eta hori guretzat polita da oso, harrigarria eta polita'.

Janirek buruaz baieztatzen du: 'Gainera oso informazio gutxiz, ia ezer jakin barik etorri ginen eta zeharo harritu gara, asko jaso baitugu, oso harrera eskuzabala egin digutelako. Hunkitu egin gara jendea hunkituta sentitu ahal izan dugulako. Hemen nabaritu duguna, Euskal Herriarekiko gogo hori, kulturarekiko gosea, han zer dagoen jakiteko irrika, arbasoekiko atxekimendu puntu hori, malenkonia... Hori guztia somatu eta bizi izan dugu, giroan, jendearekin'.

Bost urte daramatzate Joxik eta Janirek elkarrekin jotzen. Errepertorioari dagokionez, euskal musika tradizionala dute kanta iturri nagusia. Baina ez dira horretara mugatzen. 'Beste herri batzuetatik, Okzitaniatik, adibidez, eta beste hainbat lekutatik hartutako musikak, polkak esate baterako, geureganatu ditugu. Adierazgarriak zaizkigun musikak geurekotu eta jotzen ditugu', azaltzen dute.

Hiru aste Buenos Airesen iragan ondoren, hiriburuan dagoen musika mailak liluratu egin ditu musikari gazteak. Ikusteko eta ikasteko asko dagoen sentsazioarekin geratu dira. Baina hori ez da izan harritu dituen gauza bakarra. Asteotan Buenos Airesko Eusketxe eta Euskaltzaleak-en jo dute, baita San Miguel-go 'Askatasunaren Bideak'-ek atondutako kontzertu batean, eta Chascomuseko Gizataldeen Jaian. Eta, izan ere, bisitatu dituzten euskal etxeetan atxemandako giroak txunditu ditu gehien. 'Guretzat kristoren hartu-emana izan da. Zuek agian pentsatzen duzue guk jaso baino gehiago eman egiten dugula, baina egiazki alderantziz da. 'Hemen gertatu zaiguna ez da edonon automatikoki gertatzen. Musika beti da musika, baina benetan gustura jotzeko giro bat behar da, eta giro hori, hemen, zeuok sortzen duzue', laburtu du bikoteak bertako bizipena.

Euskal Herriko erromeria tradizionaletako giroa bizi ahal izan da azken egunotan Atlantikoaren alde honetan, eta horregatik bi musikariok Maurizia Aldeiturriagari omenalditxo bat eginez agurtu zuten Argentinako publikoa euren hondarreko emenaldian, harek hainbatetan kantatutako 'Abadiño San Blasetan' bertsoekin: 'Hauxe da despedidea, despedidea honen tristea, agur aite ta ama, agur arraba maitea'.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia