euskal diaspora eta kultura
2013/09/23
PUBLIZITATEA
Buenos Aires, Argentina. Buenos Aireseko Udalaren babesarekin, Immigrantearen Eguneko Jaia atzo gauzatu zen Tres de Febrero Parkean, ‘Galileo Galilei’ Planetario aurrean. Antolatzaileen deialdiari erantzunez, hirurogei baino kolektibitate gehiagok hartu zuten parte ekitaldian euren herrietako kultur adierazpenak ezagutarazteko asmoz. Proposamenak mota askotakoak izan ziren baina dudarik gabe gehien nabarmendu zirenak dantza ikuskizunak eta sukaldaritza txokoak izan ziren.
[Buenos Aireseko Planetarioa, Palermo auzoan, kolektibitateetako banderekin apainduta (argazkiaEuskalKultura.com)]
Eguraldia kaskarra izan arren –udaberria asteburuan iritsi da Buenos Airesera baina oraingoz euria eta hotza baino ez ditu ekarri– jaialdia eguerdiko 12etan hasi zen, programari zorrotz lotuta. Arratsalde osoan zehar bostehundiik gora artista pasatu ziren tauletatik eta soinu eta jantzi koloredunekin euren nazioetako printza adierazgarriak eskaini zizkioten publikoari.
[Aitor Alabaren zuzendaritzapean, Lizarraenean egoitza duten dantzariek ikuskizunen programa ireki zuten. Atzoko emanaldiarako ‘Arratiako Jota’ prestatu zuten Ekin Dantzari Taldeko kideek (argazkia EuskalKultura.com)]
Eta sukaldaritza ere kulturaren zati garrantzitsuenetako bat denez, proposamen gastronomikoez ere disfrutatu ahal izan zuten Planetariora bertaratutako lagunak. Euskal gizataldeen kasuan, Laurak Bat euskal etxea arduratu zen Euskal Herriko plater tipikoak eskaintzeaz eta ondo baino hobeto bete zuen lana, etxeko sukaldariek eginiko pintxo eta paellarekin. Postrerako, berriz, ‘dulce de leche’ euskal argentinarra eskaini zuten. Sukaldaritza txokoaz aparte, dantzak ere aurkeztu zituen arratsaldean Laurak Bat euskal etxeak Accion Vasca (Eusko Ekintza) taldeko kideen eskutik.
[Laurak Bateko koadrila sukaldaritza txokoaren jabe. Standean, euskal etxearen eraikineko eta euskal baserri tipikoen argazkiak ere zeuden ikusgai (argazkia EuskalKultura.com)]
Gogora dezagun etorkinen omenezko ekitaldiek datorren asteburuan jarraituko dutela Buenos Airesen, Hotel de Inmigrantes delako erakusketa gunean, Antartida Argentina etorbideko 1355. zenbakian. Nazioko Migrazio Zuzendaritzak antolaturik, ekitaldi hau asteburu osoan luzatuko da, larunbatean 11:00etatik 19:00etara eta igandean 11:00etatik 17:00etara. Oraingo jaialdi honetan Euskaltzaleak Euskaltegiak eta Iparraldeko Euskal Etxeak izango dute Euskal Herria ordezkatzeko ardura. Sarrera libre eta doakoa da.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus